UKT

UKTko elkarte sortzaileak

Uztarria.eus 2020ko aza. 17a, 20:00

UKTn batu diren komunikabideen elkarte sortzaileetako ordezkariek proiektu berriaz duten iritzia eman dute.

Josu Waliño (Baleike)

"Eskualdeko hedabide nagusiek etorkizunera begira emandako urratsa sozioekonomiaren arloko hitzekin definitzeko, berrikuntza, elkarlana, sinergia, ekonomia soziala edo koopetizioa bezalako terminoak erabiliko nituzke. Baina UKTren sorrera definitzeko hitz horiek guztiak erabiltzeaz gain beste bat gehituko dut: ausardia.

Ausardia izan baita gure hedabideen ikurra urte hauetan guztietan, eta, oraingoan ere, etorkizunera begiratuta ausardiaz jokatu dugu, proiektu integrala garatuz elkarlanean. Baleike bezalako komunikabide soilak izatetik komunikazio talde berritzailea izatera pasatu gara, euskaratik eta euskaraz mundura gertutik begiratuz.

Komunikazio digitalen garaian erraldoien lurraldean jokatzea dagokigu eta zer hobe elkarlanean egitea baino. Elkarrekin lantalde, bazkide eta irakurle, denok bat eginda gainditu ahalko ditugu etorkizuneko erronka berriak".

Ion Aldanondo (Erlo Telebista)

"Bailarako hedabide berriari guk telebista erantsi diogu: Erlo Telebista. Ez da lan erraza horrenbeste hedabide juntatu eta bakarra egiteko asmoa gauzatzea, baina ezaugarri garrantzitsuena eduki dugu: gogoa eta nahia etorkizuna hobetzeko. Gure proiektuak bizirik jarrai zezan arnas berria izan da kooperatiba. Eta horretarako gakoa izan da konfiantza. Umiltasunetik, bakoitzak berea defendatuz, baina baita bere onena eskainiz ere.

Dena den, proiektu eta enpresen atzean norbanakoak daude, pertsonak, eta benetan pentsatzen dugu hori dela gure indargune garrantzitsuena. Helburu jakin batekin arraunean denok alde berera egitea. Esku bete lan dugu honi guzti honi forma ematen, baina urtebete da hasi ginela, eta ez dakit zailena egin dugun edo egiteko daukagun, baina oinarria jarri dugu, sendo jarri ere, eta honek hobera egingo du. Ziur nago".

Rikardo Uzkudun (Karkara)

"Euskalgintzan txikian jokatzera ohituak gaude. Baliabide gutxirekin eta borondate handiarekin, baina halabeharrez txikira. Holaxe jardun dugu gure herrietako hedabideok azken hamarkadetan. Bertatik bertarako informazioa emanez, sinesgarritasuna eta fidelitatea irabazi ditugu, eta erreferentzialtasuna ere bai esango nuke, neurri batean behintzat.

Gure eskualdeak, ordea, ikaragarrizko potentziala du. Ia denak euskaldunak gara, kalean eta etxeetan nagusi da euskara, eta pantailetan ere nagusi izatea mundiala litzateke. Besteak beste, horregatik juntatu gara, indarrak metatu, profesionalizazioan sakondu, gure eskaintza hobetu eta euskarri guztietara zabaltzeko. Paperezko aldizkariek 20 urtetik gora dituzte, heldutasun betean daude, eta handira jokatzen hasteko garaia da.

Lasai irakurle, badakizkigu zeintzuk diren eta gure kartak: tokiko edukiak, herri izaera eta euskara".

Idoia Alberdi (Maxixatzen)

"Erabiltzailearen egungo beharrei erantzuteko gauza izango den egitura sortu beharra geneukan; baliabideak batu eta optimizatu, egungo plataformetara egokitutako kalitatezko gertuko informazioa eskaintzeko. Azken batean, langileen lan baldintzak duintzeko eta garapen profesionalerako atea da UKT. Beraz, produktuaren zein langileen garapen profesionalari begira hartutako erabakia izan da kooperatiba sortzea.

Tokian tokiko hedabideok urteetako esperientzia ekarri dugu kooperatibara, eta eskarmentu horren balioa sekulakoa da. Une honetan, Maxixatzen Herri Komunikabidearen atzean inoiz egon den talde profesionalena dago lanean, gertuko informazioa lantzen. Azkoitiarrek jasotzen duten produktua hobea eta osatuagoa da orain, eta eskualdeko komunikazio talde nagusiena sortu dugula esango nieke herritarrei".

Mikel Arrieta (Bertako Hedabideak - Berria Taldea)

"Euskarazko komunikabideak sortu eta sustatzeko sortu zen Berria Taldea 2003ko ekainean, Egunkaria-ren itxiera bidegabearen ondoren. Elkarlana izan dugu ardatz urte hauetan guztietan. Elkarlana proiektu komunikatiboak sortu eta euskal hedabideen mapa osatzen joateko; nazio mailako proiektuarekin batera, tokian tokikoak bertako eragileekin elkarlanean.

Eskualde honetan, Urola Kostako Hitza izan da emaitza (Danbolin, Artzape, Txaparro, Baleike, Uztarria eta Berria Taldeko Bertako Hedabideakek sortua). Urrats berria ematea erabaki dugu, egitura bakarrean bateratuz. Eskaintza indartu eta erronkei erantzuteko tresna izan behar du UKTk, eskualderako proiektu komunikatibo sendoa sortzeko bitartekoa.

Orain arte bezala, nazio mailako proiektu komunikatiboa eta tokian tokikoak, elkarlanean, euskarazko komunikabideen mapa osatzen".

Amaia San Vicente (Uztarria)

"Herritarrentzat ezinbesteko informazio tresna bilakatu da Uztarria. Bi hamarkada hauetan, ordea, komunikazio arloan eraldaketa handiak izan dira, eta erronka berriei erantzuteko eskualdeko komunikabide txikiek bat egin eta talde indartsu bat osatzeari onura handiak ikusi genizkion. Herritik eta herriarentzat sortutako komunikabideen elkartze honek sinergia ugari ekarri dizkigu: kudeaketan, profesionalen lan baldintzetan, euskarri digitalaren edukietan, aldizkari berrituan... Nabariak izaten ari dira onurak.

Uztarriak azpeitiarron etxeetara, sakelakoetara... eduki berriak ekartzen jarraituko du, beti ere, Azpeitia eta euskara ardatz hartuta. Horretarako ezinbestekoa dugu, orain arte bezala, zuen parte-hartzea: bazkidetzekin sostengua emanez, irakurle kritiko izanik eta sare sozialen erabiltzaile finak izaten segituz. Eskerrik asko!".

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide