Rockaren historiako izen garrantzitsuenetakoa da Neil Young, inongo zalantzarik gabe. Independentziaren aldarria azken muturreraino eraman duen musikaria, atzetik etorri diren bakarlari edo rock talde ugariri ireki dizkie ateak. Bere ibilbidea txalotu, bere lana omendu eta bere abestiez gozatzeko asmoz, Rust Fest izeneko jaialdia antolatu dute azken hamarkada honetan Espainia mailan. Burgos, Madril edo Cadiz bezalako lekuetan egon ondoren, jaialdi ibiltari hau Euskal Herrira hurreratu da aurten; Azpeitira, hain zuzen ere. Bi egunetan banatu dituzte kontzertuak, ostiralean eta larunbatean, eta lehen egunean Zumaiako bi talde igo ziren oholtzara: Ahuntzaren Gauerdiko Eztula (AGE) eta Marlik.
1960eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea kanadiarrak eta gaur egunera arte jarraitzen du; ez dago urterik Neil Youngen diskorik gabe. Bide luzea eginda ere, 1970eko hamarkada da Youngen garai oparoena. Urte txundigarri horietako errepertorioan zentratu ziren, gehienbat, herriko bi taldeak.
Joseba eta Mikel Aizpurua anaiek, AGEk, hartu zuten jaialdia irekitzeko ardura. Joseba Aizpurua abeslariak azaldu zuen bezala, Youngen eragin handia izan du AGEk urte hauetan guztietan, eta hala erakutsi zuten anaiek Sanagustin Kulturgunean taldearen kantu propioetan, eta jo zituzten bertsioetan. Youngen arlo akustikoan zentratu ziren eta Comes a time, Lotta love eta Heart of Gold klasikoak jo zituzten. Maisuaren alde elektrikoa ere landu nahi izan zuten, noski, formatu akustikora eramanda. Hala, Cowgirl in the sand eta kontzertuari amaiera emateko jo zuten My my hey hey mitikoak erori ziren. Txalo zaparrada artean utzi zuen AGEk agertokia.
Felipe Murillo azpeitiarraren eta Maria Illarramendi zestoarraren saioaren ondoren, Marlik zumaiarren txanda izan zen. Hauek Crazy Horse taldearen ispiritua eraman zuten agertokira. Talde horrekin landu du Youngek bere alde rockeroena, basatiarena askotan, eta garai horretako abesti esanguratsu asko jo zituen Maialen Velardek, Beñat Fernandezek, Ales Gorritik, David Gorritik eta Oihana Rodriguezek osatzen duen boskoteak: The loner, Cinnamon girl, Ohio, Down by the river (hemen The Doorsen ukitu handiekin, Rodriguezen teklatuei esker), Cowgirl in the sand, When you dance.. Denak ere aski ezagunak Youngen jarraitzaileentzat. Aurretik AGEk egin bezala, Marlikek ere kantu propioak tartekatu zituen, pasa den urte amaieran atera zuten Azaletik ezabatu baino lehen diskokoak. Youngen bertsioekin jarraituta, azken zatirako utzi zituzten F*!#in' Up basatia, Powderfinger eta edozein jaialdi amaitzeko ezin egokiagoa den Rockin’ in a free world. Gustura ikusi zen taldea agertokian, eta entzulegoa are eta gusturago.
Jaialdiak gaur jarraituko du: Eguerdi partean Rustie Harvesters bartzelonarren eta Elba DJ zestoarrak izango dira musika jartzen; arratsaldean, 18:00etatik aurrera, Winnipeg & The Tractors valentziarrak, Burgoseko Zimmerband, eta Coruñako Zuma. Youngen ispirituak hegan jarraituko du gaur ere Azpeitian.