Energia Berriztagarrien LPSaren kontra aurkezteko herritarren alegazioak biltzen hasi da Sañu Bizirik

Nerea Uranga 2023ko uzt. 1a, 13:29

Sañu Bizirikeko hainbat kide ostiralean, plazan.

Orain dela hilabete inguru Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak. Plan horretan, bailarako hainbat toki izendatu dituzte "zentral eoliko eta fotovoltaiko handiak " eraikitzeko aukera gisa, Sañu Biziriken esanetan. Plan horri kontra egiteko, herritarrak informatu eta alegazioak biltzeko kanpaina hasi du aste honetan Sañu Bizirikek. Horretarako, astearteetan azoka garaian eta uztailaren 8an nahiz 15ean mahaiak jarriko ditu Azpeitiko plazan. Alegazioak sinatzeko aukera Azpeitiko Urtzi eta Haginpe tabernetan ere ipiniko dute.

Eusko Jaurlaritzak jendaurrean ikusgai jarritako Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala "bertan behera uzteko" eskatu du Sañu Bizirikek, eta "alegazio herritar" bat egiteko bidea hasi du. Alegazioak uztailaren 20an aurkeztuko dituzte, Euskal Herria Bizirik erakunde ekologistarekin batera. Sañu Bizirikek azaldu du, plan horretan, besteak beste, Urolako bailaran Txondei, Komisolatza, Indo, Illaun, Urraki, Andutz eta Aizarna inguruetan, "eskala handiko zentral eoliko eta parke fotovoltaikoak" ezartzea jasota dagoela, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "dozenaka" direla aurreikusi dituzten era horretako azpiegiturak. "Planak benetako mehatxupean jartzen ditu aipatutako inguruetako biodibertsitatea, paisaia, bizimodua... Horregatik, herritar guztiak alegazio orriak sinatzera animatu nahi ditugu", azaldu du Sañu Bizirikek.

Plan horren kontra egiteko, herritarrak informatzeko eta "alegazio herritarrak" jasotzeko kanpaina hasi du Sañu Bizirikek. Hala, uztailaren 20ra bitartean, alegazio orriak eskuragai jarriko ditu Azpeitian astearteetako azokaren garaian eta bi zapatutan, uztailaren 8an eta 15ean, 19:00etatik 21:00etara; Azpeitiko plazan jarriko dute mahaia. Azpeitiko bi tabernatan ere eskuragai ipiniko dituzte alegazio orriak, Haginpen eta Urtzin.

Duela hilabete pasatxo jakinarazi zuen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) Eusko Jaurlaritzak. "Hauteskunde kanpaina betean atera zuen lurralde plan berria, modu horretan alegazioak jartzea zailduz. LPS berriak aerosorgailuak eta plaka fotovoltaikoak jartzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kokaleku onenak horretara bideratzea du xede, modu honetan gure lurraldea enpresen beharretara diseinatuz", salatu du gogor Sañu Bizirik taldeak. Mendietan parke eolikoak jartzearen kontra dagoen taldearen arabera, LPS berria "Next Generation funtsen bitartez, hazkuntza ekonomiko ahalik eta handiena emateko asmoz" diseinatu dute, era horretan energia berriztagarriak "enpresa gutxi batzuen mozkinetara bideratuz". "Argi izan behar dugu, egun bizi dugun krisi energetikoaren mediatizazioak, eta horrekin batera Europako instituzioetatik etorri diren dirulaguntzek ez dutela inolaz ere muinean dagoen arazoa konpontzeko asmorik", adierazi du Sañu Bizirikek.

"Eredua gainditu beharra"

Sañu Biziriken arabera, "gaur egungo eredu ekonomikoa, kapitalismoa, gainditzeko inolako borondaterik ez dago". Talde horren ustez, kontrara jokatzen da, "eredu hori elikatzeko" bideratzen direlako bitarteko guztiak, "giza espeziearen biziraupena bera zalantzan jarriz". Politikarien agendan "lehentasuna hazkuntza ekonomikoa" dela, eta gainontzekoa "oligarkia finantzarioaren beharretara" egokitzen dutela kritikatu du Sañu Bizirikek.

Haien ustez, ikuspegi energetikotik egun mahai gainean dagoen planteamenduak, "ez du energia trantsizio posible baterako oinarriak jartzeko asmorik". Eredu energetikoa eredu ekonomikoarekin erabat lotuta dagoela salatu dute, eta hori gainditu gabe ez dute posible ikusten trantsizio energetikoaz hitz egitea. "Elektrifika daiteken energiaren gaineko planteamenduak dira soilik. Hori kontsumitzen dugun energia guztiaren %20-%25 artean dago", adierazi du.

Nabarmendu dute gaur egun proposatzen diren eolikoen bizitza produktiboa "gehienez, 30 urtekoa" dela; beraz, urte gutxi barru "zaharkituriko eta inolako erabilerarik gabeko txatarra mordoa besterik ez dira izango", haien ustez.

LPSean aipatzen diren kokaguneetako lurrak eta eremuak "epe luzerako hipotekatuko" direla uste du Sañu Bizirikek: "Eremu horietako biodibertsitatearen galeran pauso garrantzitsuak emango dira, eta nekazaritzarako eta abeltzaintzarako duten erabilera asko mugatuko da".

Sañu eta Oleta

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial berriak Sañuko eta Oletako proiektuei ez diela eragingo argitu du Sañu Bizirikek: "Izan ere, lurralde plan berria aurkeztu aurretik, dagoeneko martxan zeuden bi proiektu hauek. Horrek ez du esan nahi, ordea, eragiten ez dionik gure eremuari, eoliko eta plaka fotovoltaiko berriak jartzeko eremuak izendatu baitituzte LPS berrian. Besteak beste, Beizama ingurua eolikoak jartzeko espazio gisa izendatu da, Zestoa plaka fotovoltaikoak jartzeko eremu gisa eta abar".

Statkraft enpresak Sañurako Piaspe proiektu eolikoa aurkezteko epea gertu ikusten du Sañu Bizirikek, eta hori uste bezala gertatuz gero, proiektu horren kontrako beste alegazio herritar kanpaina bat hasiko dutela aurreratu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide