Aurreikuspenak beteta, apirilaren 21ean izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Horrela baieztatu du Iñigo Urkullu lehendakariak gaur arratsaldean; izan ere, arratsaldean bertan izan dute gobernu kontseiluaren bilera berezia. Hauteskundeak deitzeko dekretua datorren otsailaren 27an argitaratuko da EAEko Aldizkari Ofizialean. Urkulluk dagoeneko aipatuak zituen hiru helburuak bete eta gero deitu ditu hauteskundeak: "Gobernu programa betetzea, hurrengo lehendakariari eta gobernuari ahalik eta legaturik onena uztea eta gizartearen interes orokorra defendatzea".
Dekretua aurkeztu eta gerora, apirilaren 5ean hasiko da hauteskunde kanpaina, ofizialki.
2023 amaieran hasi ziren plazaratzen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako lehen hautagaien izenak. Dagoeneko alderdiek zehaztu dituzte beraien lehendakarigaiak. Imanol Pradales izango da EAJren lehendakarigaia, Pello Otxandiano EH Bildurena, Eneko Andueza PSE-EErena, Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-rena, eta, Alba Garcia Sumar alderdiarena.
Urolako Komunikazio Taldeak gertutik jarraituko ditu apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta herriz herriko datuak emango ditu UKTren tokiko webgune guztietan.