Laienen bi urte eta erdiko lanak bertatik bertara ezagutu dituzte alkateek

Mailo Oiarzabal 2025ko uzt. 22a, 12:47

Lapatx zabortegia zena eta haren eremuko zerbitzu berriak kudeatzen dituen sozietate publikoa da Laien, eta Urola Erdiko Mankomunitateko udalerriei ematen die zerbitzua. 

Urola Erdiko Mankomunitateko herrietako alkateek bisita instituzionala egin zuten atzo arratsaldean Lapatx zabortegia zenaren eremura, 2022ko amaieratik hura kudeatzen duen Laien sozietate publikoa han gauzatzen ari den proiektuak eta aurrera begira dituen asmoak bertatik bertara ezagutzeko. Urola Erdiko sei udalerriek –Azpeitiak, Azkoitiak, Zestoak, Aizarnazabalek, Errezilek eta Beizamak– eta Bidania-Goiatzek osatzen dute Urola Erdiko Mankomunitatea, eta udal horiek guztiak daude ordezkatuta Laienen administrazio kontseiluan. Atzo, Zestoakoa eta Bidania-Goiatzekoa ez ziren izan bisitan, baina bai gainerako bost herrietako alkateak: Nagore Alkorta (Azpeitia), Ana Azkoitia (Azkoitia), Mari Karmen Arregi (AIzarnazabal), Koldo Arzallus (Errezil) eta Pedro Otaegi (Beizama).

Joanes Amenabar Laieneko lehendakari eta Azpeitiko zinegotziak, eta Mikel Azurmendi zerbitzuburuak egin zieten harrera alkateei, Lapatxen lekukoa hartu duen ingurumen eta energia trantsiziorako sozietate berriaren harrera gelan. Han, Lapatx zabortegia itxi zutenetik gaur arte egindako bidearen kronologia gogoratu, sozietatearen plan estrategikoan onartutako ardatzak azaldu, eta horiek gauzatzeko egiten ari diren lanare berri eman zuen Amenabarrek. Laienek ematen dituen zerbitzuen kokapena eta zabortegiaren gune desberdinak ere aipatu zituen Amenabarrek harrerakoan.

Ondoren, zerbitzu eta gune horiek bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten alkateek, baita bakoitzaren gainean Azurmendik emandako azalpenak entzuteko eta galderak egiteko aukera ere.

Lau egiteko nagusi

2016ko azaroaren 30ean jaso zituen azken errefusa kamioikadak Azpeitiko Lapatx zabortegiak, eta hura zigilatzeko prozedura jarri zuten martxan segidan: "2018ko ekainean hasi zen zabortegia zigilatzeko lehen fasea, eta sei hilabeteko epean amaitu zen. 2021eko ekainean ekin zitzaion zigilatzearen bigarren faseari, eta amaituta dago fase hori ere", azaldu zuen atzo Amenabarrek. Zigilatze lan guztiak osatzeke daude, ordea. Besteak beste, zigilatzeko gelditzen den eremua ikusteko aukera izan zuten atzo alkateek; guztira, zigilatzea osatzeko bost fase aurreikusita dituzte, baina oraindik ez dakite falta diren hiru faseak banaka edo batera egingo dituzten, Azurmendik zehaztu zuenez. Zigilatzearen lehen bi faseekin, "27.000 metro koadro berreskuratu" ditu Laienek bere jardueretarako. Falta diren faseak bukatzen dituztenean, beste 35.000 metro koadro izango dituzte eskuragarri.

Lapatx itxi ostean, hura kudeatzearen ardura zuen izen bereko sozietaten publikoa ere "eraldatzen" joan zen, eta eraldaketa horren emaitza izan da, hain zuzen ere, Laien. Zabortegi zaharraren zigilatzearen jarraipena egitea da, hain zuzen ere, Laienen jardueraren lau ardatz nagusietako bat; 30 urtez izango du ardura hori Laienek. Eskualdeari zerbitzua ematea, eta trantsizio energetikoa zein ekonomia zirkularra bultzatzea dira duela bi urte eta erdi eratu zuten sozietate publiko berriaren beste hiru egiteko nagusiak, plan estrategikoan jasotakoaren arabera.

"Urola Erdiko herrientzat, herritarrentzat eta mankomunitatearentzat ingurumen interesa, interes soziala edo interes ekonomikoa izan dezaketen jarduerak" gauzatzen ditu gaur egun Laienek, "beste eragileekin elkarlanean". Sozietatearen jarduera propioen artean, zigilatzearekin lotutakoez gain, energia berriztagarrien aldeko "apustu sendoarekin" lotutakoak daude. Hondakin ez arriskutsuen eta logistika guneen teilatuetan jarritako eguzki plakak dira horren adibide; 500 Kw-ko potentzia dute instalatuta, eta aurreikusten dute "beste horrenbeste kudeatzeko ahalmena" izango dutela, "energia transformadore berriarekin".

Ekonomia zirkularrari dagokionez, zigilatutako lurrak baliatuta martxan jarri duten eraikuntzako eta eraisketetako hondakinak tratatzeko gunea da Laienen jarduera aipagarriena: "Eskualdean egiten diren obretan sortzen den materiala jasotzen du Laienek. Material hori txikitu, garbitu eta sailkatu egiten dute hondakinak tratatzeko gunean. Tratatu ondoren, berriro obretan erabili ahal izateko materiala sortzea da helburua: "Berriro ere obretan erabiltzeko egokia dela ziurtatzeko, balorizatutako material horrek zertifikazio prozesu bat pasatzen du Tecnalian, eta egokitzat jotzen denean, berriro eskualdeko obretan erabiltzen da". Izan ere, eskualdeko enpresei bakarrik ematen die zerbitzua Laienek. Urtean, batez beste, 5.000 hondakin tona tratatzen dituzte eraikuntzako eta eraisketetako hondakinak tratatzeko gunean.

Hondakin ez arriskutsuak ere kudeatzen ditu Laienek, hala nola egur eta eta hiri hondakinak, eta mankomunitateak merkatariei, ostalariei zein industria enpresei eskaintzen dien bilketa bereiztuetan jasotakoak ere bai.

Garbiguneak eta zabor bilketa

Aipatutakoez gain, lehendik datozen zerbitzuak ere eskaintzen ditu Laienek. Horrela, Azkoitiko eta Azpeitiko garbiguneak kudeatzen ditu –Laienen eremuan bertan dago azken hori–; ez, ordea, Urola Erdiko beste garbigunea, Zestoakoa. Laienek kudeatzen dituen garbiguneek "urtean 8.000na bisitari" hartzen dituzte.

Urola Erdiko zabor bilketaren kudeaketa ere bere gain hartzen du Laienek. Bilketa bera mankomunitateak egiten du. Ondoren, bildutako hiri hondakin guztiak Laienen bateratzen dituzte, eta Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioaren (GHK) instalazioetara eramaten dituzte handik. Laienen hondakin horiek kudeatzeko duten gunea hobetzeko proiektua egina dute. "Proiektu hori gauzatzen denean, kamioi txikietako hondakinak modu erosoagoan eta azkarragoan deskargatu, eta zuzenean kamioi handietan kargatuko dira", azaldu dute arduradunek.

Azkenik, eskualdeko artzainei zuzendutako artile bilketa zerbitzua ere Laienen egiten dute orain. Laienerra eramaten dute artilea baserritarrek, eta ondoren, "Urkomeren laguntzarekin, amaierako helmgugara" eramaten dute material hori.

"Denbora gutxian asko"

Sortu zenetik bi urte eta erdi bakarrik pasatu diren arren, "denbora gutxian asko" egin dutela azaldu dute sozietate publikoko ordezkariek: “Ingurumen izaera gureganatu, bide-orri berri bat sortu eta aurrerapauso sendoak eman ditugulakoan gaude. Gustura gaude. Aurrera begira ere baditugu ideia eta proiektu berriak, eta gogotsu eta ilusioz gaude horiek ere martxan jartzeko".

Laienen jarduerak bolumen handikoak ez, baina eskualdearentzat oso garrantzitsuak direla uste dute arduradunek, eta herritarrek eskaintzen dituzten zerbitzuak "oso ondo baloratzen" dituztela ere bai.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide