Kiptook hirugarrenez irabazi, eta Wanzak emakumeen errekorra hautsi du Azkoitia-Azpeitian

Andoni Elduaien eta Nerea Uranga 2026ko martxoaren 21a

Diego Garciaren oroimenezko 33. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia etxekotuta dagoen Mark Kosgey Kiptoo kenyarrak irabazi du. Hark ez du markarik hautsi, baina bai emakumeetan txapela lortu duen Diana Wanza kenyarrak. Proba motzaren txapeldunak, berriz, Ane Bosch azkoitiarra eta Mikel Velasco arrasatearra izan dira.

Markak hautsita jokatu du gaur Diego Garciaren oroimenezko 33. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia. Gizonetan, orain arte inork ez bezala, Mark Kosgey Kiptoo (01.03.17) 49 urteko atleta kenyarrak hirugarren aldiz irabazi du proba. Emakumeetan, berriz, lasterketako marka berria ezarri du Diana Wanza kenyarrak (01.07.31).

Lasterketa burua osatu dute korrikalariek, kasik, irteera lerrotik hartu dute aurrea. Gizonetan, laster hartu dute aurrea Kiptook, helmugan bigarrena izan den Reuben Mosin Mosipek eta Victor Kipngetich Cheruiyotek; izan ere, haiek Roberto Alaiz goi mailako korrikalaria izan dute erbi lanetan. Dena den, Kiptoo eta Mosipen artekoa bihurtu da dema haiek San Juango bidegorrira sartu direnerako. Atzetik jarraitu die haiei Cheruiyotek. Emakumeetan, berriz, Wanza hasiera-hasieratik izan da lasterketa buruan, gaur erbi lan aipagarria egin duten Joseba Diaz eta Imanol Larrañaga azkoitiarrek lagunduta. 

Kiptook eta Mosipek Azpeitiko Garmendi auzunera arteko bideoa elkarrekin egin dute, baina Kiptook han hautsi du lasterketa. Erritmoa azkartu eta atzean utzi du Mosip. Bere martxan egin du bidea Cheruiyotek; ondo eutsi dio bere erritmoari, baina ez da gai izan aurrekoengana iristeko. Mosip (01.04.36)eta Cheruiyot (01.05.32) sartu dira, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren Loiolako helmugan. Wanzak, bestalde, ez du aurkaririk izan gaur Azkoitia eta Azpeitia artean. Erritmo oso bizian osatu du lasterketa guzti-guztia; hark izan duen aurkari bakarra denbora izan da. Loiolako azken zuzengunean lasterketako errekorra ezarriko zuen edo ez ibili da kenyarra, baina azkenean, bai, lortu du. Wanzaren atzetik, lau minutu eskasera sartu da bigarren Irene Sanchez Escribanor (01.11.03) eta Vivian Gelagat Rop hirugarren (01.12.56).

Jendetza batu da Azkoitia eta Azpeitia bitarteko probaren ibilbidearen bazterretan lasterkariak animatzeko, eguraldi bikainak lagunduta. Azkoitiko Julio Urkixo etorbidean hasi da lasterketa eta Azpeitiko Loiolako Ignazio hiribidean amaitu, eta denera, 1.300 parte hartzaile izan dira maratoi erdian, inoizko gehien.

Etxekoetara jota, Diaz (01.12.16) izan da maratoi erdiko helmugan lehen gizon azkoitiarra, 11. postuan bukatuta, eta Miren Murua (01.33.28) izan da emakumeetan lehen azkoitiarra. Maratoi erdian parte hartu duten azpeitiarren artetik, gizonetan Aitor Igual (01.12.38) izan da aurrena helmugan, 33. postuan iritsita, eta emakumeetan Eider Bereziartua (01.35.41).

Maratoi erdiko Gipuzkoako Txapelketa ere jokatu dute aurten Azkoitia-Azpeitia proban. Gizonetan, Chakib Lachgar (01.05.41) errenteriarra izan da txapelduna, Endika Donnay (01.1.10) bergararra txapeldunordea eta Diaz azkoitiarra hirugarrena. Emakumeetan, Idoia Nogales (01.28.20) debarra izan da txapelduna, Aitziber Martin (01.28.42) urnietarra txapeldunordea eta Eva Esnaola (01.42.45) hernaniarra hirugarrena. Dena den, lehen bost sailkatuen artean banatu dituzte sariak. 

Bosch, txapelduna

Maratoi erdiko distantziako probaz gainera, zortzi kilometroko lasterketa ere jokatu da gaur Azkoitia eta Azpeitia artean. Kasu honetan, 650 korrikalarik parte hartu dute. Emakumeetan txapela etxean gelditu da, aurten 16 urte beteko dituen Ane Bosch azkoitiarrak (00.32.06) irabazi du proba. Helmugan aurrena, berriz, Mikel Velasco arrasatearra izan da (00.26.34); iaz, Velascok proba motzean hirugarren egin zuen.

Lasterketa motzean gizonetan bigarren Eric Martin oñatiarra (00.27.16) izan da, eta hirugarrena, Miguel Angel Hernandez caparrosoarra (00.28.13). Emakumeetan, Bochen atzetik bigarren egin du Itziar Ibarbia alkizarrak (00.33.00), eta hirugarren, Jone Bilbao bilbotarrak (00.33.35). Azpeitiarren artean lehena proba laugarren postuan bukatu duen Asier Aizpuru (00.28.35) izan da, eta Onintza Zeberio (00.34.26) emakumeetan. Bosch irabazleaz gain, azkoitiarren artean helmugara aurrena iritsi dena Jon Alberdi (00.28.40) izan da, bosgarren postua erdietsita.

Handbike proban edo gurpildun aulkiko atleten lasterketan lau parte hartzaile izan dira aurten, eta podiuma hiru gipuzkoarrek lortu dute. Bidania-Goiazko Ion Galarraga izan da aurten ere helmugan aurrena 00.57.11 denbora eginda. Haren atzetik bigarren postuan Villabonako Iñaki Iraola (00.57.33) izan da, eta hirugarrena Amezketako Mikel Goikoetxea (00.57.38). Proba motzean, berriz, Gotzon Alberdi azkoitiarrak irabazi du.

Lasterketetako sailkapen guztiak honako loturan ikus daitezke.

Omenaldiak eta oroimena irteeran

Gaurko hiru probei ekin aurretik, ohi bezala, oroimen eta omenaldi ekitaldiak ez dira falta izan. Besteak beste, Diego Garcia, Alejandro Gomez eta Jone Basterraren omenez, omenaldi ekitaldiak egin dituzte. Bertan parte hartu dute familiek, eta haiei beren senide zirenen izenekin dortsalak eman dizkiete, baita lore sorta bana ere. Ondoren, Sahatsa dantza taldekoek aurreskua dantzatu diete haiei eta han ziren erakundeetako ordezkariei. Aurten, gainera, 25 urte dira Garcia hil zela, eta modu berezian oroitu dute Azkoitiko korrikalari ospetsua.

Dena den, Sahatsa dantza taldeak ere antolatzaileen aitortza jaso dute gaur. Dantza taldeak 50 urte beteko ditu aurten, eta hori hala, hango ordezkari guztiek omenaldia jaso dute. Agustin Jimenez probako antolatzaileak Sahatsakoek euskal kulturaren alde egin duten lan nekaezina eskertu die, eta oroigarri bat eman die. Gainera, Sahatsakoak arduratu dira zortzi kilometroko probari hasiera eman dion suziria botatzeaz. Beste behin, festa eta oroitzapenen lasterketa izan da Azkoitia-Azpeitia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide