Erregaien krisia

Petrolioaren itzal luzea

Iraia Oteiza 2026ko ekainaren 1a

(Irudia: Freepik)

Erregaien prezioak gora doaz, garraio kostuak handitzen ari dira, eta adituek ohartarazi dute arazoa ez dela unean uneko gorabehera hutsa. Energia sistemaren orain arteko oreka etetear dago, eta ondorioak hasi dira pixkanaka sumatzen, bereziki batzuen poltsikoan. Adituek argi diote: "Orain arteko energia krisialdi gogorrenetarikoa" ate joka dabil. Iraia Oteiza kazetariak maiatzeko Guka taldeko aldizkarietarako egindako erreportajea da honakoa.

Imajinatu uda honetan ohikoa baino hegaldi gutxiago daudela, oraingo eskaintzaren erdia edo, eta hori keroseno faltagatik dela. Imajinatu supermerkatuetako apalak pixkanaka husten hasten direla, eta inork ezin duela ziurtatu noiz beteko diren berriro. Eta muturreraino joanda, imajinatu erregaien edo oinarrizko elikagaien errazionamendua iristen dela, txartel edo kupoien bidez banatuta.

Duela gutxira arte, halako eszenek urrunekoak ziruditen, gerta ezinak. Baina gaur egun, gero eta aditu gehiago ari dira ohartarazten ez direla hain ezinezkoak. Energia fluxuaren etenek kate erreakzioa sor dezakete, eta ondorioak eguneroko bizitzako esparru guztietara iritsiko lirateke: garraiora, industriara, nekazaritzara eta, azken batean, ekonomiaren oinarrietara.

Oraindik ez da krisia modu bortitzean iritsi, eta kalean normaltasuna da nagusi. Baina, horren atzean, orain arte izan dugun oreka pixkanaka hausten ari da, ia modu ikusezin batean, eta lehen seinaleak batzuen poltsikoan sumatzen hasi dira.

Beatriz Mendizabal Azpeitiko taxilariak ondo ezagutzen du egoera hori. "Taxiaren depositua betetzen dudan bakoitzean 30 euro gehiago ordaintzen ditut", dio. Asteburu bakarrean litroaren prezioa 1,30 eurotik 1,60 izatera pasatu zen, baina bere zerbitzuagatik ezin ditu tarifak igo: "Taxilarion tarifak urte hasieran finkatzen dira. Beraz, datorren urte hasierara arte berdin kobratuko dugu, nahiz eta azken asteetako erregaien garestitzearekin gutxiago irabazi".

Bere kasua ez da salbuespena. Aitzitik, etorriko denaren lehen arrastoetako bat besterik ez da.

Petrolioa funtsezkoa da gaur egungo sisteman. Ez du soilik garraioa elikatzen [...] produktu askoren oinarria da

Prezioaz harago doan krisia

Alex Lopez Ekonomia ikasleak eta energia gaietan adituak ikuspegi zabalago bat eskaintzen du. Bere ustez, gaur egun gertatzen ari dena ez da merkatuaren gorabehera hutsa, denbora luzez pilatutako arazo baten azelerazioa baizik.

"Energia fluxua beherantz zihoan 2008 ingurutik, baina Ormuzko itsasarteko egoerak eta Iranekin dagoen gatazkak prozesua bizkortu egin dute", azaldu du. Arazoa, bere hitzetan, ez da soilik prezioa: eskuragarritasuna bera dago jokoan. "Kontua ez da garestia izango dela, baizik eta agian ez dela egongo".

Eskasia hori hainbat arlotan suma liteke. Hegaldi gutxiago uda garaian, garraio enpresen ibilbide murrizketak edo kamioien jarduera apaltzea ez lirateke erabaki estrategiko hutsak izango, erregai faltaren ondorioak baizik.

Izan ere, petrolioa funtsezkoa da gaur egungo sisteman. Ez du soilik garraioa elikatzen: ongarrien, plastikoen, botiken eta beste produktu askoren oinarria da. Horregatik, hornidura eten batek domino efektua sor dezake ekonomia osoan.

Petrolioaren garrantzia ulertzeko, nahikoa da eguneroko objektuei erreparatzea. Autoetako erregaia da agerikoena, baina presentzia askoz zabalagoa da. Arropen zati handi bat material sintetikoekin egina dago; ontzi gehienak plastikozkoak dira; botika askoren ekoizpenean deribatu petrokimikoak erabiltzen dira. Hau da, petrolioa ez da soilik energia iturri bat, ekonomia modernoaren oinarri materialetako bat baizik.

Alex Lopez ekonomia ikaslea eta energia gaietan aditua. (Utzitakoa)

Halaber, petrolioaren ekoizpena gero eta konplexuagoa da. Duela hamarkada batzuk petrolioa errazago ateratzen zen; gaur egun, ordea, erreserba erraz horiek agortzen ari dira, eta gero eta teknika konplexuagoak behar dira. Horrek kostuak handitzen ditu, baina baita ekoizpen erritmoa mugatu ere.

Adituek sarritan erabiltzen duten kontzeptua da itzulera energetikoarena, hau da, zenbat energia behar den energia bera eskuratzeko. Hasierako petrolio ustiapenetan, energia gutxi inbertituta asko lortzen zen; gaur egun, ordea, proportzio hori txikiagoa da, eta gero eta gehiago inbertitu behar da gero eta gutxiago lortzeko. Horrek esan nahi du sistema osoaren eraginkortasuna apaltzen ari dela.

Bestalde, petrolio merkatuak bereziki sentikorrak dira ziurgabetasun geopolitikoarekiko. Ekoizpen gune nagusi asko tentsio handiko eskualdeetan daude, eta hornidura kateak oso globalizatuak dira. Ondorioz, tokian tokiko gatazkek edo erabaki politikoek eragin zuzena izan dezakete mundu mailako horniduran.

Argi dago gaur egungo egoera ez dela faktore bakar baten emaitza, ustiapenaren zailtasun handiagoa, errentagarritasun txikiagoa eta tentsio geopolitikoak elkartu izanaren ondorioa baizik. Testuinguru horretan, ez da harritzekoa aditu askok datozen urteetan petrolioaren inguruko tentsioak handitu daitezkeela ohartaraztea. 

Sistema baten mugak

Getariako portuan, krisialdiaren ondorioak nabariak dira jada. Emeterio Urresti kofradiako presidenteak argi dio: "Irango gerrak eta hango ondorioek bete-betean harrapatu gaituzte".

Hilabete eta erdian erregaien prezioa bikoiztu egin zaie, litroa 0,65 eurotik 1,20 eurora igo baitzaie. Hala ere, arrantzaleek lanean jarraitzen dute, "arraina ez baita portura bakarrik etortzen".

Etorkizuna, baina, are konplexuagoa da itsasoan. Laster hasiko da hegaluzearen kanpaina, eta orduan kontsumoa nabarmen handituko da, astean 20.000 litro inguru. Erregaien prezioen igoerak, beraz, are gehiago eragingo die arrantzaleei. "Arrantzara ateratzen jarraituko dugu, horixe baita gure bizibidea, baina negu garaian ontziak prestatzeko inbertitzen dugun dirua asko murriztuko zaigu", dio Urrestik. Horrek esan nahi du arrantzaren etorkizuneko jarduera bera arriskuan jar daitekeela.

(Irudia: Freepik)

Errepidean ere, egoera antzekoa da. Asier Aranbarri kamioilari azpeitiarrak hilean 1.000 euro gehiago gastatzen ditu gutxi gorabehera erregaitan. "Lehen 1,30 euro ordaintzen genuen litroa, eta orain une batzuetan ia 2 euro ordaindu behar izaten ditugu", dio. Hilean 3.500 litro inguru kontsumitzen dituenez, igoeraren eragina zuzena da Aranbarrirentzat. Lan egiteko modua, oraingoz, ez du aldatu. Baina presioa handituz doa. "Astea kamioian lo eginez pasatzen dut, eta halakoekin animoak jaisten zaizkit".

Logistika kateak martxan jarraitzen du, baina ahulago. Eta hari hori eteten bada, ondorioak azkar iritsiko lirateke egunerokora.

Testigantza horiek guztiek agerian uzten dute gizarteak sistema energetikoarekiko duen menpekotasuna. Azken hamarkadetan, energia merke eta ugarian oinarritu da ekonomia. Horri esker, mundu osoko produktuak eskura izan ditugu. Baina energiaren garestitzearen ondorioz, oinarri hori kolokan jartzen ari da. "Laster ez da errentagarria izango produktu batzuk milaka kilometrotatik hona ekartzea", dio Lopezek. Gainera, gaineratu duenez, "ez dago marjinarik: eten bat gertatzen bada, ezin da beste leku batetik konpentsatu". Horrek prezioen igoera ekar dezake lehenik, eta luzera begira, eskasia fisikoa. Nekazaritzan, adibidez, ongarrien edo pestiziden faltak uztei eragingo lieke, eta ondorioak hilabete batzuk beranduago iritsiko lirateke.

Egoera hori ulertzeko, ordea, beharrezkoa da pauso bat atzera egitea.

Energia sistemaren jatorria

Gaur egungo menpekotasuna ez da egun batetik bestera sortu. XX. mendearen erdialdetik aurrera, petrolioa bihurtu zen ekonomiaren ardatz nagusi. Merkea, eraginkorra eta erraz garraiatzeko modukoa izanik, mundu osoan zehar hedatzeko aukera eman zuen. Garraioa azkartu, nekazaritza industrializatu eta kontsumo eredua erabat aldatu zuen.

Baina eredu horrek baditu mugak. Ez da beharrezkoa petrolioa agortzea arazoak sortzeko, nahikoa da ekoizpena eskariaren erritmo berean ez handitzea. Hor sortzen da aurreneko desoreka. "Askotan pentsatzen da petrolioa bukatzen ari dela, baina kontua ez da hori", azaldu du Lopezek. "Kontua da ezin dela orain baino azkarrago atera, eta gure sistemak hori behar duela".

Gizarteak izango dituen baliabide urriak nola banatu adostea izango da etorkizuneko erronketako bat

Askotan irtenbide gisa energia berriztagarriak aipatzen dira. Haizea eta eguzkia gero eta presenteago daude, baina trantsizioa ez da berehalakoa. Azpiegitura berriak eraiki behar dira, eta horrek denbora eta baliabideak eskatzen ditu. Gainera, petrolioak betetzen dituen funtzio guztiak ordezkatzea zaila da. Garraio astunean, hegazkingintzan edo industria kimikoan oraindik ez dago petrolioa ordezkatuko duen alternatiba eraginkorrik. Lopezen arabera, "trantsizioa beharrezkoa da, baina ez da berehalakoa izango, eta bitarte horretan tentsioak sortzen dira".

Egokitzapena eta gizartearen erantzuna

Energia eskuragarritasunak baldintzatzen du ekonomiaren tamaina bera ere. Horregatik, energia gutxiago badago, ekonomiak ere egoera horretara egokitu beharko du. Eta horrek aldaketa sakonak ekar ditzake: jarduera murrizketak, tokiko merkatuetara egokitzea edo sektore batzuen eraldaketa. Aldi berean, aukera berriak ere sor daitezke, hala nola tokiko ekoizpena indartzea edo kontsumo ohiturak aldatzea.

Baina, energia krisia ez da soilik ekonomikoa; soziala ere bada. Gizarteak izango dituen baliabide urriak nola banatu adostea izango da etorkizuneko erronketako bat. Historian zehar, antzeko egoeretan, gobernuek kontrol neurriak hartu izan dituzte; baina horrek tentsioak ere sor ditzake.

Bestalde, komunitate mailako erantzunak ere indartu daitezke. Tokiko sareak, elkarlana edo kontsumo eredu alternatiboak garrantzitsu bihur daitezke.

Lopez, Aitziber Sarobe biologian doktorearekin batera, energia krisiari lotuta Zarautzen eskaini zuten hitzaldian. (Utzitakoa)

Kokapen estrategikoak

Energia krisiak ez du modu berean eragingo leku guztietan. Europan, adibidez, azken urteetan hartu diren erabakiek mendekotasuna handitu dute. Herrialde batzuek, Alemaniak kasu, kanpoko horniduraren alde egin dute, eta horrek zaurgarriago bihurtu ditu.

Testuinguru horretan, Espainiak posizio apur bat hobea izan dezake, oraindik badituelako petrolioa fintzeko azpiegiturak. Horrek aukera ematen dio erregaiak bertan eraldatzeko eta kanpoko horniduraren menpekotasuna murrizteko. 

Hala ere, abantaila hori mugatua da, eskasia globala handitzen denean elkartasun mekanismoak aktibatuko baitira. Horrek esan nahi du herrialde guztiek partekatu beharko dituztela baliabide urriak. Ondorioz, krisia orokortua izango da.

Euskal Herrian, alde batetik, energia sartzen den azpiegiturak daude, hala nola, Muskizko (Bizkaia) findegia eta kostaldeko hainbat instalazio; baina, bestetik, industria handiko tokia ere bada, eta industria ekoizpena energiaren eta materialen menpekoa da. Lopezen hitzetan, "energia intentsiboak gara"; beraz, energia faltak zuzenean eragingo dio bertako ekonomiari. Gainera, energia berriztagarriek oraindik ez dute ordezkapen osoa bermatzen. "Ezin dira plastikoak, ongarriak edo errepideak sortu soilik haize errotekin", azaldu du.

Egoera hori hobeto ulertzeko, nahikoa da Euskal Herriko eguneroko funtzionamenduari begiratzea. Elikagaien banaketa, adibidez, neurri handi batean kanpotik datozen fluxuen menpe dago. Supermerkatuetako produktu askok ehunka edo milaka kilometro egiten dituzte apaletara iritsi aurretik, eta ibilbide horretan kamioiak, itsasontziak eta, zenbait kasutan, hegazkinak erabiltzen dira. Horrenbestez, hornidura kate osoa erregaiaren prezioaren eta eskuragarritasunaren menpe dago.

Baserriaren kasuan ere, askotan kontrakoa pentsatzen bada ere, menpekotasuna nabarmena da. Tokiko ekoizpena egon badago, baina nekazaritza modernoak ongarri kimikoak, makineria astuna eta banaketa sare zabalak behar ditu. Horiek guztiak petrolioarekin lotuta daude.

Industrian, lotura are estuagoa da. Lehengai asko kanpotik ekartzen dira, eta, ondorioz, hornidura kateetan edo garraioan sortzen diren arazoek berehala izan dezakete eragina ekoizpenean. Tailer batek piezak garaiz jasotzen ez baditu, edo energiaren kostua gehiegi igotzen bada, jarduera murriztu edo eten daiteke.

Horregatik, gero eta gehiago aipatzen da tokiko egokitzapenaren beharra. Elikadura sistemak laburtzea, energia kontsumoa murriztea edo mugikortasun eredua berrikustea izan daitezke etorkizuneko erronketako batzuk. Ez dira aldaketa errazak, baina gero eta gehiago agertzen dira eztabaida publikoan.

(Irudia: Freepik)

Beste bizimodu baterantz

Energia krisi baten ezaugarririk garrantzitsuena bere hedapena da. Ez da sektore isolatu batean gelditzen: arrantzari, garraioari, nekazaritzari eta industriari eragiten die, eta azkenik, baita kontsumitzaileari ere. Horregatik, urrunekoak ziruditen tentsio geopolitikoek ere eragina dute egunerokoan. 

"Orain arte, gure aurreko belaunaldikoek baino gauza gehiago izan ditugu", dio Lopezek. "Baina baliteke hemendik aurrera gutxiagorekin bizitzera ohitu behar izatea. Ez da ezinbestean okerragoa izango, baina bai desberdina".

Horrek eguneroko aldaketak ekar ditzake: auto gutxiago, bidaia gutxiago, produktu gutxiago aukeran. Batzuetan, produktuen zain denbora batez egon beharko da; beste batzuetan, agian, halako produkturik ez da egongo.

Krisiak hainbat arrisku ekartzen ditu, baina aldaketarako aukera ere bai. Tokiko ekoizpena indartu, mendekotasuna murriztu eta komunitate sareak sendotu daitezke. "Auzolana berreskuratu beharko da", dio Lopezek.

Gaur gaurkoz, dena martxan dago oraindik. Baina irudi hori engainagarria izan daiteke. Supermerkatuetako apalak beteta daude, bai, baina atzean dagoen sistema gero eta tentsio handiagoan dago. Energia krisia ez litzateke bapateko kolapsoa izango, pixkanakako aldaketa bat baizik, geroz eta nabarmenagoa. Eta galdera nagusia hor dago: egungo gizartea prest al dago energia faltak ekar dezakeen mundu baterako?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide