Gaur, astelehena, arratsaldean bukatzekoa zen Amaia Azkueren hilketaren inguruko epaiketa, Donostiako Adingabeen Auzitegian. Baina azkena izatekoa zen saioan diligentzia berriak eskatu ditu defentsa abokatuak, eta epaimahaiak epaiketa eten eta bihar 16:00etan saio berria egitea erabaki du.
Miguel Castells Azkue familiaren abokatuak azaldu du "ezustea" izan dela akusatuaren abokatuak diligentzia berriak eskatu izana eta, bere ustez, Ertzaintzaren frogetan hutsuneren bat-edo aurkitu nahian dabilela. Castellsek, baina, esan du ertzainen frogak sendoak direla.
Gaur ere auzitegian izan dira Amaia Azkue zenaren senideak. Akusatua ere han izan da -azpeitiar mutil gazte bat-. Lagun batzuek elkarretaratzea egin dute epaitegi atarian, Guztiok gara Amaia lelopean.
Joan den astelehenean hasi zen epaiketa, eta bost egunean 50 lekuko eta 30 peritu inguru igaro dira epailearen aurretik. Ostiralean, Bilgune Feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten Azpeitiko plazan, eta ehun lagundik gora bertaratu ziren. Indarkeria sexistarik ez! Amaia Azkue gogoan! lelopean egin zuten elkarretaratzea, hura hil zuteneko lehenengo urteurrenean.
Joan den urteko martxoaren 16an aurkitu zuten Azpeitiko Ibai Eder urtegian Azkueren gorpua.