Hamar urteko kartzela zigorra Amaia Azkueren hiltzailearentzat

Uztarria.com, Berria.info 2012ko api. 2a, 17:40

Ander E. azpeitiarra hilketaren erruduna dela ebatzi du Donostiako Adingabekoen Epaitegiak eta, erregimen itxian bete beharreko zigorraz gain -adingabeentzako zentro batean-, beste bost urte zaintzapeko askatasunean egingo ditu; bost urte horietan ezingo da Orio, Getaria eta Zarautzera joan. Epaileak Fiskaltzak eta akusazio partikularrak epaiketan eskatutako zigorrak ezarri ditu, adingabeko bati halako kasuetan ezarri dakizkioken handienak. Defentsak helegitea jarriko duela iragarri du.

Hilketa, lapurreta, ibilgailu lapurreta eta bide-segurtasunaren aurkako delituak egotzita, Ander E. azpeitiarra Amaia Azkueren hilketaren erruduna dela ebatzi du Donostiako Adingabekoen Epaitegiak. Hamar urteko kartzela zigorra ezarri diote eta, erregimen itxian bete beharreko zigor horretaz gain, beste bost urte zaintzapeko askatasunean egingo ditu. Epaiaren arabera, Ander E.-k adingabeentzako egoitza batean bete beharko du hamar urteko zigorra. Aldi horretan zigortuak jarrera txarra badu, kartzela batean sartuko dute. Hamar urteen ondoren, gazteak beste bost urte zaintzapeko askatasunean pasatuko ditu; bost urte horietan ezingo da Orio, Getaria eta Zarautzera joan, eta lehen bi urteetan Azkue sendiarengana ezingo da gerturatu eta harekin ezingo da komunikatu. Azkue familiaren abokatuak urruntze agindua ere eskatu zuen akusatuarentzat

Epaileak Fiskaltzak eta akusazio partikularrak epaiketan eskatutako zigorrak ezarri ditu, adingabeko bati halako kasuetan ezarri dakizkioken handienak; Azkueren hilketa argitzeko epaiketa martxoaren 12an hasi eta joan den hilaren 20a arte luzatu zen. Akusatuaren defentsak absoluzioa eskatu zuen. Ander E.-k 2011ko abuztuan Adingabeen Fiskaltzara jo eta Amaia Azkue berak hil zuela deklaratu zuen; joan den urtarrilean, ordea, berriro fiskalaren aurrean agertzeko eskatu eta ukatu egin zuen Azkue hil izana, eta bigarren bertsio horri eutsi zion epaiketan.

EFE albiste agentziak zabaldu du epaiaren albistea eta, horren arabera epaileak gaur, astelehena, arratsaldeko lehen orduan jakinarazi die ebazpena alde guztiei, akusazio zein defentsa.

Defentsak helegitea iragarri du

Parteek Gipuzkoako Auzitegian helegitea jartzeko aukera izango dute, eta Ander E.-ren abokatuak, Joanes Labaienek, astelehen iluntzean EFEri bidalitako oharrean aurreratu du epaiaren kontrako helegitea jarriko duela.

Labaienen arabera, epaian "kondenatua errugabetzen dituzten hainbat froga era desegokian baloratzen" dira, "lekukoen adierazpenak eta gertaera batzuen egiazkotasuna zalantzan jartzen duten dokumentuak baztertuz". Defentsaren abokatuak dio kondenatuaren aurreneko deklarazioa bakarrik hartu duela kontuan epaileak, "ondoren kendu egin zuen arren eta funtsik gabekoa den arren".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide