Benantxio Iruretaren errautsak Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan dira dagoeneko. Zapatuan Aneto mendian hil zen mendizalearen senitartekoak eta lagunak Azpeitiko mendizaleen elkartean batuko dira arratsaldean zehar, 19:00etan Soreasuko San Sebastian parrokian egingo den hileta elizkizunaren aurretik.
Hileta baino lehen, pioletekin pasabidea osatuko dute hainbat mendizalek, Elizkaleko egoitzatik elizaraino, Iruretaren omenez. Elizkizunean, Xebastian Lizasok bertsoak kantatuko dituela aurreratu dute, eta elizatik irteeran aurreskua ere dantzatuko diote mendizaleari, azken agurrean.