Egunotan piztu badituzte ere, ofizialki, bihar, Santa Luzia egunez, piztuko dituzte Gabonetako argiak herrian eta auzoetan. Horrekin batera, Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteak Gabonetako kanpaina hasiko du. Udalarekin eta herrian lanean ari diren beste eragile batzuekin hainbat ekimen egingo dute asteotan. Hala nola, Azpeitiko Antxieta egoitzan bizi eta bertan lanean aritzen diren Goyeneche Fundaziokoekin elkarlanean, haiek egindako izar formako zintzilikarioak jarriko dituzte Bertan elkarteko dendetako erakusleihoetan. Gainera, hainbat dendatan eskegi dute apaingarria dagoeneko.
Erosketa txartelen zozketa
Horren gain, Bertaneko merkatariek bezeroen artean 500, 200 eta 100 euroko erosketa txartelak zozkatuko dituzte hiru egunetan: abenduaren 20an, 27an eta urtarrilaren 3an.
Haurrentzako Gabonetako parkea ere jarriko dute abenduaren 26tik 30era bitartean eta urtarrilaren 2tik 4ra artean, Izarraitz pilotalekuan, 16:00etatik 20:00etara. Parkerako sarrera bi euro ordaindu beharko da.
Erakusleiho lehiaketa
Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak elkarlanean II. Erakusleiho txapelketa antolatu dute. 32 dendak eman dute izena lehiaketan, eta abenduaren 18an jakinaraziko dituzte saritutako erakusleihoak zeintzuk diren. Lehenengo sariak jasotzen duenak 600 euro eskuratuko ditu. Bigarrenak, berriz, 400 euro eta hirugarrenak 200 euro.
Honakoak dira erakusleiho lehiaketan parte hartuko dutenak: Kiribil ekodenda, Urrestilla, koket, Babesa, NKN Mutil modie, Makibar fruta eta abar, Alzuaran, Quickmovil, Naiart, Ttipi ttapa, Arantxa Haur jantziak, Odriozola Harategia, Begoña Etxeberria, Sugoi Delicatessen, Nerea Eskulanak, Mugi Kirolak, Ilargi Mertzeria, Pipes, Romaes, Irene Altuna, Haurtxoa, Gotain, Ukabi, Ikus Federopticos, Biur, Martina Isasti, Kimetz, Jone eta Maikar, Zuri beltz eta Iosu optika.