Puntako lasterkariak izango dira igandeko igoera bertikalean

Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 7a, 10:46

Joan den urteko igoera bertikaleko irudi bat.

130 lasterkari inguruk parte hartuko dute Azpeitiko proban; 10:00etan abiatuko da lehena, Ezkerretegitik.

Igandean jokatuko da Azpeitian Izarraizko VI. Zuzenien Igoera Bertikala. Dena prest dute antolatzaileek, eta dena prest lasterkariek ere, mendian gora abiatzeko. Lagun Onak Mendi Bazkunak azaldu duenez, 130 lagun inguruk hartuko dute parte igandeko lasterketan; horietatik hogei inguru izango dira azpeitiarrak.

Korrikalarien artean izango dira mendi lasterketetako punta-puntako izenak ere. Esate baterako, Izarraitzen izango da Didier Zago, 2013an La Pyrenea triatloia eta Berako Mendiko Maratoi Erdia irabazitakoa, eta Frantziako mendi lasterketa txapelketan bosgarren postuan sailkatua, besteak beste. Aritz Egea ere izango da, 2013ko Euskadiko igoera bertikalen txapelduna, Berako Mendiko Maratoi Erdian hirugarren sailkatua eta Espainiako nahiz munduko kopetan laugarren sailkatua.
Nesketan ere badira nabarmentzeko izenak: Vanesa Ortega, Uharteko eta Anbotoko bertikaletan txapeldun izana, Espainiako kilometro bertikalen txapelketan txapeldun eta Munduko Kopan azpitxapeldun izana. Nerea Amilibia aiarra ere bertan izango da, iaz bertikalean bigarren postuan iritsi zena. Pagoetako Mendi Lasterketa eta Ereñotzuko mendi lasterketa irabazi zituen iaz, eta Espainiako beterano mailako txapelduna ere izan zen iaz.

Hamarretan hasita

Igandean 10:00etan hasiko da erlojupeko proba, Ezkerretegi baserri ingurutik. 2,8 kilometro eta 800 metroko malda gainditu beharko dute. Lasterkariak banan-banan aterako dira, eta irteera orduak bihar argitaratuko dituzte www.lagunonakmb.org webgunean. Antolatzaileek adierazi dutenez, Xoxoterako bidea itxita egongo da autoentzat Olazko bidegurutzean. Lehen postuetan iristen diren lasterkarientzat sariak egongo dira. Bizkorrenak 300 euroko saria eramango du, 200 eurokoa bigarrenak, 100 eurokoa hirugarrenak, eta 50 eurokoa laugarrenak. Horrez gain, saria izango dute lehen beteranoak eta lehen juniorrak ere, eta marka hausten duenarentzat 500 euroko sari berezia egongo da. Gizonezkoen marka Aitor Osak du (26:41) eta Ana Condek du, berriz, emakumezkoena (33:48).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide