Elkartasun Egunean parte hartzeko deia egin dute

Uztarria.eus 2014ko mai. 8a, 12:30

Atzo, asteazkena, agerraldia egin zuen hainbat herritarrek, maiatzaren 17an, zapatua, izango den Elkartasun Egunean parte hartzeko deia luzatzeko. Urteroko legez, egun osoko egitaraua antolatu dute presoen, iheslarien eta deportatuen aldeko egunerako. 11:30ean krosarekin emango zaio egunari hasiera. Bost kilometroko proba izango da, eta plazatik abiatuko dira lasterkariak. Kroserako dortsalak salgai daude dagoeneko.

13:00etan herri kirolak izango dira plazan, eta herriko hainbat neska-mutil ariko dira nor baino nor. Herri kirolen ostean, 14:30ean, bazkaria izango da Berdura Plazan. Bazkarirako sarrerak salgai daude jada, Izaro, Orkatz eta Txarrantxa tabernetan. Langabetuek eta ikasleek 12 euro ordaindu beharko dute; gainerakoek, berriz, 15 euro.

Arratsaldean (18:00) manifestazioa abiatuko da plazatik, Elkartasunez, Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira lelopean. Gauean kontzertuak izango dira plazan, eta Juantxo Eskalari eta herriko talde bat (ez dute zehaztu antolatzaileek) izango dira oholtzan.

Hemen egitaraua osorik:

11:30. Elkartasun krosa. Bost kilometro. Dortsalak salgai: Aradi, Aitzaki, igerilekuan eta Orkatz Kultur Elkartean. Ondoren, lasterkari guztientzat hamaiketakoa eta sari banaketa.
13:00. Herri kirolak plazan.
14:30. Herri bazkaria Berdura plazan. Txartelak salgai: Orkatz, Txarrantxa eta Jim Clark.
18:00. Manifestazioa plazatik, Elkartasunez, Euskal preso eta iheslariak Euskal Herrira lelopean.
23:00. Kontzertuak plazan: Juantxo Eskalari eta herriko talde bat.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak

Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten. 

Jabi Agirre. Sevilla II (Andaluzia) preso, 886 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten. 

Joseba Segurola. Nanterren (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten. 

- Josu Urbieta Pow. La Santen (Frantzia) preso, 839 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten. 

Deportatuak

Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria

Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide