'Denon Artean 2015' aurrekontu parte-hartzaileen bilerak azaroan egingo dira

Uztarria.eus 2014ko aza. 5a, 10:30

Udal ordezkariak Denon Artean 2015 aurkezten.

Aste honetan hasiko dira bilerekin, auzoetan, eta abenduan onartuko dituzte aurrekontuak. Joan den urteko helburu berak ditu egitasmoak; eta, plan estrategikoan finkatu bezala, lehentasuna emango zaie ekonomia aktibatzeari eta egitasmo sozialei.

Denon Artean 2015 aurrekontu parte-hartzaileak aurkeztu ditu Udalak. Duela lau urte hasi zen erakundea prozesu hori sustatzen, eta jarraipena emango diote datorren urteko aurrekontuak adosteko. Udal ordezkarien arabera, oinarri berdinekin egingo dute lan: gardentasuna, herritarrei kontuak azaltzeko aukera eta erabakiak "denen artean" hartzeko abagunea. "Joan den urteko bideari jarraituko diogu, baina aurten ez gara hutsetik hasten, antolaketa lana egina dago dagoeneko", azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak.

Udal Gobernuaren esanetan, aurrekontuak onartzeko beharrezkoa da herritarrek "ekarpenak egiteko aukera" izatea. Izan ere, litekeena da politikariek herritarren behar guztiak ez ezagutzea, eta herrian bizi direnek lagundu dezakete erabaki horiek "hobeto" hartzen. Hori dela eta, Etxeberriak herritarrak animatu ditu parte hartzera.

Denon Artean 2014 aurrekontuen baitan osatu zuten Udaleko alderdiek, lagileek eta herritarrek 2025era begira eginiko plan estrategikoa. Hura izango dute aurten oinarritzat, aurrekontuak onartzerakoan. Plan Estrategikoan lehenetsi zituzten ekonomiari eta arlo sozialari lotutako beharrak, eta Denon Artean 2015 aurrekontuetan ere horiek izango dute lehentasuna. Udal Gobernuak honako gaiak jo ditu garrantzitsutzat:

  • Ekonomia aktibatzea. Beti ere, krisi ekonomikoaren ondorioak kontuan izanda.
  • Herritarren aldeko proiektuak, egitasmo sozialak, abiaraztea edo laguntzea.
  • Udal Zerbitzuak mantentzea.
  • Ingurumenari lotutako gaiak lantzea. Hondakinen kudeaketarena, esate baterako.
  • Herritarrentzat beharrekoak diren azpiegiturak sortzea eta mantentzea.

Beraz, arlo horiek kontuan izanda, ostegunean hasiko dira aurrekontuak adosteko bilerak. Honakoa da egutegia:

  • Azaroaren 6a, osteguna: Matxinbentako auzoko tabernan, 19:00etan.
  • Arazoaren 10ean, astelehena: Aratzerrekako auzoko tabernan, 19:30ean.
  • Azaroaren 11n, asteartea: Nuarbeko Sokatirako lokalean, 21:00etan.
  • Azaroaren 12an, asteazkenean: Betharram aretoan, 19:00etan. Herritarrekin bilera.
  • Azaroaren 17an, astelehenean: Urrestillako auzoko lokalean, 19:00etan.
  • Azaroaren 19an, asteazkenean: Betharram aretoan, 19:00etan. Herriko eragileekin bilera.
  • Azaroaren 20an, osteguna: Lasaoko auzoko lokalean, 19:00etan.

Horrez gain, Udalak eskuorriak banatuko ditu etxez etxe, prozesuaren berri emateko. Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek buzoietan utzi ditzakete iradokizunak, webgunearen bidez idatz dezakete edo bileratan parte hartu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide