Laugarren Herriarteko txapela, Azpeitira

Uztarria.eus 2015ko uzt. 5a, 14:39

Atano III. pilotalekua jendez lepo finalean. (Maite Azkue)

Hirutik hiru partida irabazita, Azpeitiak Herriarteko laugarren txapela eskuratu du. Pilotariei harrera egingo dio Azpeitiko Udalak 19:30ean. 

Azpeitiak gaur, igandea, lortu du Herriarteko Txapelketako laugarren txapela, finalean Tolosaren kontra nagusitu ostean. 10:30ean hasi dira finaleko partidak Donostiako Atano III pilotalekuan, eta azpeitiarrez lepo zen frontoia. Izan ere, lau autobus joan dira Azpeititik Donostira.

Jon Alberdi eta Mikel Unanue kadete azpeitiarrek jokatu dute aurreneko norgehiagoka, eta 22 eta 18 nagusitu dira. Haien ostean Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilak kantxaratu dira, eta 22 eta 18 nagusitu dira horiek ere. Hirugarren partida Daniel Murgiondok eta Jurgi Larrañagak jokatu dute eta 22 eta 10 nagusitu da bikote azpeitiarra.

Azpeitiko Udalak 19:30ean harrera egingo die pilotariei nahiz Ilunpe pilota elkarteko kideei. 

Lau aldiz txapeldun

Azpeitiak, guztira, Herriarteko lau txapelketa irabazi ditu gaurdaino. Gaurko garaipenaz gain, 2010ean jokatu zuten pilotari azpeitiarrek herriarteko finala azkenengoz, eta 2 eta 1 nagusitu ziren Hernaniren kontra. Ordurako bi txapel lortuta zituzten azpeitiarrek. Izan ere, 2008an eta 2004an Donostiari eta Hernaniri irabazi zion Azpeitiak, 3-0 eta 2-1, hurrenez hurren. Gainera, 2008an Euskal Herriko Herriartekoa ere irabazi zuen Azpeitian, Gipuzkoako ordezkari gisa.

Beste hiru final ere jokatu ditu Azpeitiko taldeak Herriartekoaren historian. Hala nola, 2007an Arrasateren kontra galdu zuen finala, eta aurreko bietan, 1995ean eta 1996an, azkoitiarren kontra.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide