Garaipenetik garaipenera dabiltza Ilunpe elkarteko pilotariak azken hilabeteotan. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi ostean, Markina-Xemeinen kontra neurtu dituzte indarrak Azpeitia ordezkatzen duten pilotariek. Horiek ere gainditu, eta finalean izango da Azpeitia. Uharteren kontra jokatuko du finala datorren zapatuan, Santio Egunez, Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Atzo, ostirala, jokatu zuen Azpeitiak Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako itzulerako partida, Markina-Xemeinen kontra, eta 1 eta 2 nagusitu ostean, finalerako txartela lortu zuten Ilunpeko pilotariek. Azpeitiko Frontoi Txikian joan den asteburuan jokatutako joanekoan ere, 2 eta 1 nagusitu ziren azpeitiar pilotariak, eta atzoko partida hasterako, 18 tantoko aldea zuten azpeitiarrek.
Lehenengo norgehiagoka Mikel Unanue eta Jon Alberdi kadeteek jokatu zuten, eta aise irabazi zioten Bizkaiko bikoteari: 14 eta 22. Bigarren partida, berriz, Gorka Iriarte eta Julen Egiguren jubenilek jokatu zuten, baina ezin izan zuten ezer egin. Partida atzetik hasi zuten eta bukaerarako alde nabarmena zabaldu zen markagailuan. Izan ere, 22 eta 7 nagusitu zen Markina-Xemein. Hirugarren eta azken partida, erabakiorra, Jurgi Larrañagak eta Daniel Murgiondok jokatu zuten, eta partida orekatua jokatu bazuten ere, Azpeitia nagusitu zen 19 eta 22.
Itzulerako partidan bi eta bateko emaitza lortuta, Euskal Herriko Herriarteko finala jokatuko du Azpeitiak datorren igandean, Uharteren aurka.