'Nire barneko mendiak' liburua aurkeztu du Jose Mari Azpiazuk

Uztarria.eus 2015ko aza. 13a, 18:50

"Ez da mendiko liburu bat, mendian egindako liburua da". Euskal Herriko zazpi herrialdeetako hainbat mendiren gaineko xehetasunak eta argazkiak bai, baina "sentimenduak eta erreflexioak" ere jaso baititu Jose Mari Azpiazu azpeitiarrak Nire barneko mendiak liburuan. Atzo, osteguna, aurkeztu zuen lan mardula, mukuru bete zen Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan.

Lagun eta ezagun asko izan zituen inguruan Azpiazuk aurkezpenean, eta horietako bi alboan, liburuaren berri ematen laguntzeko: Josu Bereziartua eta Ana Mendizabal, iaz hil zen Jesus Mendizabal Errexil-en alarguna. Izan ere, Bereziartua eta Errexil askotan izan ditu bidaide Azpiazuk mendian, baita liburua osatzeko eginiko irteeretan ere.

Nire barneko mendiak liburuaren mila ale atera dituzte, 500 gaztelaniaz eta 500 euskaraz -euskarazko bertsioa Leire Plazaolarena da-. Azpeitian, Lagun Onak MBren egoitzan jarri dute salgai. Azpeitikoa liburuaren aurreneko aurkezpen ekitaldia izan da; Donostian, Durangoko Azokan, Iruñean, Gasteizen eta Bilbon ere aurkeztuko du bere lana Jose Mari Azpiazuk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide