Eguberriak ari dira gerturatzen eta Bertan Merkatari Elkartekoek festa egun horien bueltan antolatu duten egitasmo zerrenda luzearen berri eman dute gaur, osteguna, prentsaurrean.
Aurreko urteetatik datozen zozketa, erosketa bono eta umeentzako jolas parkea bezalakoez gain, aurten Elkarguneari ekarpena ere egingo diote dendariek, "bestelako beharrak dituztenei zuzendurik eta gure alderik solidarioena adierazi nahian".
Eguberri zozketa
"Bertan Elkartean kontsumitzeak, beste behin, saria izan dezan" antolatu dute aurten ere Eguberrietako zozketa. Gaur bertan hasi eta abenduaren 24a bitartean, Bertaneko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroek beraien datuekin txartela bete eta denda bakoitzean jarriak dituzten kutxetan utzi beharko dute, zozketan sartzeko.
Hilaren 26an egingo dute zozketa eta sei sari banatuko dituzte merkatariek: 500 euroko bi erosketa bono eta 250 euroko beste lau.
40 euro ordaindu eta 50 eraman
Aurreko urtean egin bezala, erosketa bono bereziak jarri ditu Bertanek bezeroentzat eskuragai. Bono bakoitzak 40 euro balio du, eta 50 euro gastatzeko aukera ematen du. "Atzo hasi ginen bono hauen salmentarekin eta, kopuru mugatua denez, interesatuei azkar ibiltzea gomendatzen diegu", esan dute aurkezpenean dendarien ordezkariek.
Alde Zaharrean Ilargi mertzerian eta Valverde drogerian, erdigunean Kukuan eta Prest tindategian, eta Sanjuandegin Otolan eta Babesa Gazte Modan eros daitezke bono horiek, baita Bertanen bulegoan ere. Pertsona bakoitzak bi bono erosi ahal izango ditu gehienez eta ale guztiak agortu arte iraungo du salmentak.
Bono bakoitzaren preziotik duen baliora dagoen hamar euroko aldea Udalak jarriko du. Guztira, 3.000 euroko udal laguntza izango du Bertanek bonoetarako.
Elkarguneari ekarpena
Elkarteko dendari guztiei deialdia egin die Bertanek, saltokiko artikulu bat emateko eskatuz. Horrela, larunbat honetan, abenduak 12, 13:30ean Elkargunean jarri dute hitzordua, merkatariek euren ekarpena egin dezaten.
Elkartean ez dauden saltokiei ere luzatu nahi die eskaera hori Bertanek: "Elkartasun keinu bat egin nahi duena gerturatu dadila larunbatean Elkargunera bere ekarpena egitera. Iniziatiba honekin, merkatari elkarte moduan elkartasuna adierazteko gai garela erakutsi nahi dugu, herriko agente ezberdinekin lan egiten dugula eta beharra dutenengandik gertu gaudela. Keinu txiki bat da, baina denon artean zerbait garrantzitsua bihurtu daiteke".
IV. Erakusleiho Lehiaketa
Abian den ekimen honen informazio gehiago, hemen.
Umeentzako jolas parkea
Aurten ere Izarraitz pilotalekuan jarriko dute Gabonetako umeen jolas parkea. Abenduaren 22an hasita, guztira zortzi egunetan irekiko ditu ateak: abenduak 22, 23, 26, 28, 29 eta 30; eta urtarrilak 2 eta 4.
Aurreko urteetako ordutegia mantenduko dute, 16:00etatik 20:00etara, eta sarrera 2 eurokoa izango da eguneko.
Olentzeroren eta Errege Magoen gozokiak
Olentzerori eta Errege Magoei herrian egiten zaizkien ongietorrietan banatuko diren gozokiak aurten Bertan elkarteak jarriko ditu.
Gabonetako argiak
Dagoeneko piztuta dauden Gabonetako argien kontratazioan ere lagundu duela azaldu du Bertanek. Argi horiek jartzeak "herritarren artean iritzi kontrajarriak" sortzen dituenaren jakitun direla esan dute, baina "merkatarientzat inportanteak" direla ere bai: "Herriari goxotasun ukitu bat eman nahi izan diogu argiak ipinita. Gainera, kontsumo baxuko LED argiak erabili dira, kontsumo arduratsuaren garrantzia azpimarratuz".