Azpeitiko Udalak Kultur Mahaiarekin elkarlanean aurten lehen aldiz deitutako Sorkuntza Bekak jasoko dituzten proiektuak jakinarazi dituzte. Hamar proiektu aurkeztu dira kultur sorkuntza, eta bereziki kultur sortzaile berrrien lana, bultzatzeko jaiotako egitasmora, eta horietatik bost aukeratu ditu Udaleko eta Kultur Mahaiko kidez osatutako epaimahaiak. Horien artean banatu dituzte beketarako zeuden 6.000 euroak: bi proiektuk bakoitzak 1.500 euro jasoko dituzte, eta gainerako hiruek milana euro.
Hamarretik bost hautatzea "asko kostatutako erabakia" izan dela esan zuen irabazleen aurkezpenean Ainara Larrañaga zinegotziak. "Proiektuen interesa, kalitatea, originaltasuna, kultur diziplinen arteko nahasketak, Azpeitiko kulturari egin diezaioketen ekarpena, eta hizkuntza eta genero ikuspegiak kontuan hartzea" izan dira, Larrañagaren esanetan, aukeraketa egiterakoan jarraitu dituzten irizpideak. Maite Maiz Azpeitiko Kultur Mahaiaren lehendakaria, bere aldetik, "gustura" agertu zen kultur sorkuntza bultzatzeko "emandako pausoen emaitzarekin", eta "Udalari eskerrak eman" zizkion, Kultur mahaiaren helburu horretan bidelagun izateagatik.
Bost asmo, sortzaile gazteak eta herrikoak
Hauek dira Sorkuntza Beken bidez diruz lagunduko dituzten bost proiektuak:
- Festa ereduen gaineko dokumentala (Egileak: Erik Aznal, Garazi Lazkano, Anartz Izagirre eta Maialen Etxaniz). 1.500 euro jaso ditu proiektuak. "Azpeitiko festa eredua mahai gainera ekarri" nahi dute proiektuarekin, Erik Aznalek azaldu zuenez.
- Keriak, bideo poesia musikatuak (Egileak: Egoitz Arruti, Eider Bereziartua eta Iraia Bereziartua). 1.500 euro jaso ditu proiektuak. "Hiru zutabe garrantzitsu uztartuta, musika, irudia eta hitzak, ikus-entzunezko batzuk sortzea da gure asmoa, barruan dauzkagun kezkak eta zalantzak inguruko jendearekin konpartitzeko", zioen aurkezpenean Egoitz Arrutik.
- Errime taldearen maketa (Sei kide dira taldean, lau azpeitiar eta bi zarauztar; Jon Gurrutxaga eta Unai Martinez izan ziren aurkezpenean). 1.000 euro jaso ditu proiektuak. Bost kantuko maketa bat grabatzeko asmoa dute, Azpeitian bertan, "Ibon Guerrararen gidaritzapean eta Oihan Lizasoren eta Aritz Guerraren laguntzarekin". Kantuen "indargunea letretan" egongo dela azaldu zuen Gurrutxagak, "ikuspegi kritikoa poetikotasunez landuta".
- Euskal mitologian oinarritutako txotxongiloak (Egilea: Iban Bergara). 1.000 euro jasoko ditu proiektuak. Lehen ere txotxongiloak egin izan dituela esan zuen Bergarak, "noiz edo noiz, lagunei oparitzeko-eta", baina beka "hasiera bat bezala" hartzen duela nabarmendu zuen. "gero, zeinek daki zertan bukatuko dudan, txotxongiloek aukera asko ematen dituztelako". Txotxongiloak bukatutakoan herrian erakusketaren bat egitea gustatuko litzaioke egileari.
- Erraiak CDa (Egilea: Felipe Murillo). 1.000 euro jaso ditu proiektuak. "Aspaldian ibilbide musikalean kanpora begirako gauzak egiten ari nintzen, kanpo gudei begira, eta beharra sentitu nuen barneko guda eta prozesuei ere begiratzeko", azaldu zuen Murillok lan berriaren iturburua. "Irudigintzarekin eta poesiarekin nahastuta" ari da lantzen hamaika kantuz osatutako diskoa.
Beken onuradunek eskerrak eman zizkioten Udalari kultur sorkuntza bultzatzeagatik eta, era berean, "pena" ere adierazi zuten, diru-laguntzak aurkeztutako proiektu guztientzako ez iristeagatik.
Kultur sortzaileekin "konpromisoa"
Udala bekak izandako "erantzunarekin oso pozik" dagoela esan zuen berriro Ainara Larrañagak. "Azken urteetan Kultur Mahaiarekin elkarlanean sorkuntzaren bueltan lanketa handia egin dugu -nabarmendu zuen Larrañagak-. Kultur sortzaile berriak bultzatzea da gure helburu nagusienetakoa, konpromiso hori hartu dugu. Eta azken asteotan erakutsi dugu konpromiso hori: beka hauez gain, Soreasun sorkuntzarako gune bat sortzeko proiektua egiten ari gara, horretarako herriko talde eta norbanako askorekin elkartzen". Bekara aurkeztutako proiektuez hitz egitean, "diziplina askotako eta oso maila altuko proiektuak" izan direla adierazi zuen zinegotziak. Proiektuegileen gaztetasuna ere aipatu zuen, "horrek erakusten du gazteek badaukatela sormenerako gogo hori, eta horrek poz handia ematen digu".