Azpeitiko lehendabiziko liburutegi libreak martxan dira. Azpeitiko Udalaren eta Udal Liburutegiaren eskutik, munduko hainbat txokotan ezaguna den liburuak trukatzeko eta zabaltzeko sistema probatzeko aukera izango dute azpeitiarrek ere.
Gaur arratsaldean aurkeztu dute egitasmoa Sanagustinpean, herrian zehar jarri dituzten bost liburutegi libreetako bat hantxe baitago; kiroldegian, igerilekuan eta Jose Artetxe kaleko bi autobus geltokietan jarri dtuzte besteak. Eneko Etxeberria alkatearekin, Josu Labaka Kultura batzordeburuarekin eta Udal Liburutegiko Beatriz Aranbarrirekin batera izan dira aurkezpenean Joxe Arregi, Miren Gorrotxategi, Leire Ibarguren eta Alaitz Olaizola idazleak. Izan ere, Azpeitiko idazleen lanekin hornitu dituzte, hasteko, herriko bost liburutegi libreak.
"Liburu libreekin" osatutako guneak dira liburutegi libreak; nahi duenak har dezake liburu bat haietatik, irakurri ondoren beste liburutegi libre batean uzteko. Horixe baita egitasmoaren xedea: liburuen trukaketa eta mugimendua sustatzea, irakurzaletasuna bultzatzea, irakurgaiak kalean eta guztion eskura jarriz. Eta liburuak hartzeko bezala, nahi duenak du bere liburuak gune horietan uzteko aukera ere. Aranbarrik aurkezpenean gogoratu duen bezala, asko dira etxean dituzten liburuak Udal Liburutegian uzten dituzten herritarrak, baina han ezin dituzte guztiak jaso, espazio arazoengatik. Horrelako liburuei irteera bat emateko ere baliatu nahi dituzte liburutegi libreak. Horrela, zuzenean kaleko bost guneetako batean utzi beharrean liburutegian uzteko modua ere izango dute liburujabeek.
Etxeberriak eta Labakak, aurkezpenean parte hartu duten idazleek bezala, liburutegi libreak erabiltzera eta liburuak irakurtzera animatu dituzte herritarrak. Esperientziak emaitza onak izaten baditu, Udalaren asmoa etorkizunean liburutegi libre gehiago jartzea dela ere esan du alkateak.
Liburutegi libreak martxan jarrita bukatu dira, bestalde, aurtengo Liburuaren Egunaren harira antolatutako egitasmoak.