Martxoaren 8a, Emakumeen Eguna

Emakumeak planto egiteko pronto

Uztarria.eus 2018ko ots. 28a, 20:19

Autoantolaketako, Basanderiekeko, Ernaiko, Gaztetxeko, bilgune feministako, Udaleko eta ikastetxeetako kideak. (Maialen Etxaniz)

Martxoaren 8rako deituta dagoen greba deialdira batu dira Azpeitiko mugimendu feministako eragileak. Egungo sistemak "sexuaren araberako lan banaketa" sustatzen duela eta "emakumeak indarkeria ekonomikoaz jazartzen" dituztela salatzen dute. Hainbat ekintza prestatu dituzte martxoaren 8rako eta 9rako, eta horietan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 

Emakumeen Nazioarteko Eguna da martxoaren 8a, eta egun horretarako lanuzteak deitu ditu Euskal Herriko mugimendu feministak Emakumeok* planto! lelopean. Azpeitiko mugimendu feminista ere deialdira batu da, "emakumeak menpean hartzen eta zapaltzen dituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko". 

"Sistema kapitalista honek sexuaren araberako lan banaketa bultzatzen du. Hori ez ezik, feminizatutako ogibideak zein bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutako lanak ezkuntatzen eta gutxiesten ditu", adierazi du Azpeitiko mugimendu feministak. Ogibide horietan kokatu dituzte hazkuntzari, heziketari, biziraupenerako nekazaritzari, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretari eta euskarri afektiboari dagozkion lanak. Gainera, "sistema honek" emakumeen enpleguak "ezberdin" baloratzen dituela salatu eta horrek eraginak dituela azpimarratu dute: "Sistemak gure enpleguak ez ditu modu beren baloratzen, eta ondorioz gure bizitza pertsonala, soziala eta politikoa bateratzea eragozten duen gurpil zoro batera bultzatzen gaitu. Sistema honek indarkeria ekonomikoaz jazartzen gaitu".

"Egiturazko desberdintasun sistematikoaz zipriztindutako" testuinguru horretan, hainbat indarkeria moldek "zeharkatzen" dituztela adierazi dute, molde "sexistak, arrazistak eta klasistak", hain zuzen. Gainera, hiru ildo horiek beraien artean "gurutzatzen" eta "behin eta berriz errepikatzen" direla adierazi dute. "Ez dago hilketa, sexu eraso edo jazarpenik gabeko egunik" Azpeitiko mugimendu feministako kideen hitzetan, eta bitartean hedabideek "arreta desbideratzen" dutela salatu dute: "Arazoa ahaztu eta 'dirua xahutu' leloari so egitera animatzen gaituzte kontsumo eredu berrien bidez". Horren harira, emakumeak kontsumora bultzatzeko erabiltzen dituzten estrategiak salatu dituzte: "Emakumezkoen irudiak baliatzen dituzte sexu objektu gisara, eta estereotipo sexistak sistematikoki barreiatzen dituzte". Halaber, "hezkuntza sistema patriarkal eta androzentrikoa" nagusitzen dela salatu dute, hau da, "emakumeen ekarpen historikoak alboratzen dituena, merkatuaren premietara zuzendutako gaiak eta edukiak hobesten dituena, eta genero rolak auzitan jarri ez eta errotzen dituena". 

"Mugak hautsiko dituen greba"

Datorren martxoaren 8a "bide luze baten abiapuntua" izango dela esan dute. Bide horretan "aliantza berriak" ehuntzeko prest daude, alternatiba feminista sortzeko helburuarekin. Horregatik, hurrengo ostegunerako deitutako greba "muga guztiak gaindituko dituen greba" izango dela azpimarratu dute Azpeitiko mugimendu feministako kideek. "Gure aldarrikapenak lan munduaz harago doaz, lanaren kontzeptua birplanteatu nahi dugu, eta horretarako zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo dugu, gaur egungo eredu arrazista eta koloniala auzitan jartzeko", diote. 

Berriro "moldatu" nahi dute emakumeek kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan "hartzen duten espazioa". Izan ere, haiek diotenez, "gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu".

Datorren martxoaren 8ko greba "ez da greba hutsa" Azpeitiko mugimenduarentzat, "eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin" aterako baitira kalera. Emakumeek, lesbianek, transek eta migratutako emakumeek beren "aniztasun osoan" planto egingo dutela nabarmendu dute: "Ezetz esateko egingo dugu planto, hitz-jario ustelekin eta ekintzen eskasiarekin nekatuta gaudela esango dugu, diskurtso hutsalek ez digutela jadanik balio". 

Egitarau bateratua

Martxoaren 8ra eta 9ra begira, egitarau bateratua prestatu dute Azpeitiko mugimendu feminista osatzen duten eragileek eta norbanakoek: Autoantolaketa taldeak, Basanderiek asanbladak, Ernaik, Gaztetxeak eta bilgune feministako, Udaleko eta ikastetxeetako kideek. Honako hau da egitaraua, osorik: 

Martxoak 8, osteguna: 

12:00etan, mosaikoa eta luntxa, plazan.

17:00etan, transexualitateaz hitzaldia, Emakumeen Txokoan.

18:30ean, elkarretaratzea, plazan.

19:00etan, Donostiako mobilizaziora joateko autobusa. 

Martxoak 9, ostirala:

18:00etan, Gizonak eta feminismoa hitzaldia, Gaztetxean.

20:30ean, jantoki begetarianoa, Gaztetxean. 

Ondoren, Olor taldearen kontzertua. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide