2018 mar 08 Azpeitia
Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, eta munduko txoko ezberdinetako milaka emakume batu da gaurko, martxoak 8, deituta zegoen greba feministara. Azpeitian ere asko izan dira lanuztea egin duten emakumeak. Zenbait ikaslek, irakaslek eta langilek nahiz hainbat tabernak eta komertziok ateak itxi dituzte 11:00etatik 15:00etara; beste batzuk, berriz, egun osoko lanuztea egin dute.
Azpeitiko mugimendu feministak deituta, 12:00etan mosaiko aldarrikatzailea egin dute plazan, eta ehunka emakume bertaratu da hitzordura. Ondoren, hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Hainbat emakumek elkarrekin bazkaltzeko hautua egin dute, eta eguraldi ederra lagun, plazan egin dute bazkaria.
Arratsaldean jarraitu dute martxoaren 8ko plantoaren harira prestatuta zuten egitarauarekin. Xabier Pajuelo gazte azpeitiarrak transexualitateaz hitzaldia eskaini du jendez lepo bete den Emakumeen Txokoan. Adin guztietako emakumeak hurbildu dira Pajueloren bizipenak entzutera. Hizlariak bere esperientzia pertsonaletik abiatuta eskaini du solasaldia, eta gorputzen arteko ezberdintasunez eta gizarteak horiek sailkatzen dituen moduaz aritu da, besteak beste.
Iraurgi ikastetxean ere berdintasunaren alde aldarriarekin bat egin dute arratsaldean. "Emakumeen Nazioarteko Eikasleek ere emakumeen egunean beren alea jartzeko ekintza bat egin dugu jolastokian. Ea txikitatik kontzientziak astinduz gure ikasleak berdintasunean oinarritutako mundu batean bizitzea lortzen dugun", adierazi dute Iraurgitik.
Herriko plazak hartu du eguneko bigarren mobilizazio jendetsuena. Ehunka lagunek, gizonek zein emakumeek, elkarretaratzea egin dute 18:30ean, M8 greba feminista. Emakumeok planto! lelopean.
Greba feministaren balorazio "oso positiboa" egin du gaurko deialdia antolatu duen Azpeitiko mugimendu feministak, eta herriko emakumeei dei egin die "egunero" lanean jarrai dezaten: "Emakume pila erten da kalera, ez genuen horrenbeste jende espero mobilizazioetan. Herria gelditu dugu mundua aldatzeko, eta horrela jarraitu behar dugu egunero, emakumeok elkartuta.
Martxoaren 8ra eta 9ra begira, egitarau bateratua prestatu dute Azpeitiko mugimendu feminista osatzen duten eragileek eta norbanakoek. Gaurko ekintzak plazan eta Emakumeen Txokoan egin dituzte eta, bihar, hilak 9, Gaztetxeak hartuko ditu prestatutako jarduerak.
Biharko hitzorduak, hemen:
17:00etan, Gizonak eta feminismoa hitzaldia, Gaztetxean.
20:30ean, jantoki begetarianoa, Gaztetxean.
Ondoren, Olor taldearen kontzertua.