Apirilaren 12ko epaiketaren atarian, ehunka lagun bildu da gaur Azpeitian Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu ohiari eta Ainhoa Intxaurrandieta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari ohiari elkartasuna erakusteko eta "erraustegiak alternatibak badituela aldarrikatzeko". Eguraldiak lagundu ez duen arren, lau haizetara zabaldu nahi izan dute elkartasun mezua.
2013an Zubietako errauste planta geldiarazteagatik epaituko ditu Errazkin eta Intxaurrandieta Madrilgo Kontu Auzitegiak hilaren 12an. Erabaki horrek eragindako kalte ekonomikoa Errazkinek eta Intxaurrandietak beren gain hartzea nahi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) –gaur egun EAJk eta PSE-EEk dute gehiengoa–, eta horrenbestez, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen dute bi auziperatuentzat.
Duela hilabete hasi ziren gaurko mobilizazioa antolatzen, eta bi auzipetuenganako elkartasun aldarriak Azpeitian "babes zabala" izan duela azpimarratu dute haren sustatzaileek. Hain zuzen, herriko hemezortzi taldek babestu dute gaurko manifestazioa, baita dozenaka norbanakok ere. Horiez gain, Azpeitiko EH Bilduk deituta, azken 35 urteetako agintaldietan ardura instituzional eta politikoa izan duten Azpeitiko zenbait herritarrek agerraldia egin zuten bi auzipetuei babesa agertzeko.
Errazkini eta Intxaurrandietari egin nahi dietena "larria" dela uste dute denek: "Larria da egin nahi dutena, larria da egiten ari direna. Kaleak hartu eta presioa antolatzea beharrezkoa sentitu dugu egoera honen aurrean". Horregatik, kalera irten dira gaur, Iñaki eta Ainhoarekin elkartasuna, alternatibak badaude lelopean. 18:30ean hasi da mobilizazioa Azpeitiko plazatik, eta leku berean amaitu da. Bertan hitza hartu du herri mugimenduko kide batek, gaurko mobilizazioa babestu duten eragile guztien izenean.
Haien ustetan "eredu kapitalistak alternatibak izan ditzakeela erakustea" zigortu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak: "Errauskailuaren atzean itzeleko interes ekonomikoak egon dira hasieratik, eta interes ekonomiko haorien atzean enpresari, politikari, banku eta komunikabide boteretsuak daude. Horien guztien interesak kolokan jartzea epaitu nahi du aldundiak". Manifestazioaren deitzaileek uste dute "gizarte ereduen arteko talka" dagoela hondakinen gatazkaren jatorrian: "Alde batean daude kapitala metatzea helburu nagusi dutenak, horretarako natura ustiatu eta pertsonen osasunari kalteak eragiteko erreparorik ez duten horiek guztiak. Aurrean gauzkate gu, lurra eta bizitza erdigunean jarri nahi ditugunak, hondakinen kudeaketa zentzuzko bat aldarrikatzen dugunak".
"Errauskailuak baditu alternatibak" gaurko mobilizazioaren deitzaileen aburuz. Izan ere, adierazi dutenez, "Gipuzkoako hainbat herritan lortu diren birziklapen tasek erakusten dute posible dela hondakinak beste modu batera kudeatzea". Baina "hondakinen kudeaketa eraginkor eta zentzuzko bat lortzeko" herritarren eta erakundeen "konpromisoa areagotzea beharrezkoa" dela azpimarratu dute. Horregatik, "errepresioaren forma ezberdinen aurrean elkartasuna antolatuz, eta aldaketarako indarra eginez" jarraituko dutela adierazi dute. Errauskailua gelditzeko erabakia "bururaino" eraman zutelako bi auzipetuei eskerrak emanez bukatu dute hitzartzea herriko eragileek.
Errazkinek eta Intxaurrandietak ere hartu dute hitza, Azpeitian elkartu diren ehunka lagunek txalo zaparrada artean. Jaso duten babesaz jabetuta, hunkituta eta "egindakoaz oso harro" agertu dira biak.
GHK-ko lehendakari ohia izan da hitza hartzen aurrena: "Egindakoaz oso harro gaude, berriro eta mila aldiz egingo genuke berdina, argi genuelako hori ez zela bidea. Errauste planta kaltegarria zen gipuzkoarrontzat eta hori ezin genuen onartu. Zuen babesarekin eta indarrarekin, Madrilen esango dugu herritarrok dugula boterea. Botere hori erabili genuen kaltegarria zen azpiegitura bat gelditzeko. Zuen babesarekin indartsu, burua tente, irrifarrearekin eta borrokan jarraituko dugu".
Ingurumen diputatu ohiak, hasteko eskerrak eman dizkie gaur Azpeitian elkartu diren pertsona guztiei. Errazkinen hitzetan Foru Aldundiaren xedea izan da beren aurka egin dutenei eskarmentua ematea: "Guk herri mandatu bat bete genuen. Horretarako jarri gintuzten, horretarako aurkeztu ginen. Ardura instituzionalarekin alternatibak eraiki nahi genituelako, benetako aldaketa politikoa egin nahi genuelako. Hau ez da erraustegiaren inguruan sortutako zerbait. Aurreko legealdian oso urduri jarri ziren guk hartutako zenbait erabakirekin. Orain, eskarmentua eman nahi digute".
Intxaurrandietaren eta Errazkinen hitzartzea osorik, hemen.
EH Bilduk Azpeitian bertan ekitaldi nazionala egingo du apirilaren 15ean Ingurumen diputatu ohiaren eta GHK-ko lehendakari ohiaren epaiketa salatzeko. EH Bilduren ustez, "erabat bidegabeak" dira eskaera horiek, "proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan" baitaukate Intxaurrandietak eta Errazkinek.