Xuban Peñak (Azpeitia, 1988) ez du jarraituko Eibar futbol klubeko nesken lehen taldea zuzentzen. Denboraldi hasieran hartu zuen azpeitiarrak taldearen gidaritza, eta uzteko erabakia hartu du hainbat arrazoi tarteko. Josu Larrañaga azpeitiarra aritu da talde armagineko prestatzaile fisiko lanetan bukatu berri den denboraldian, eta hark ere ez du taldean jarraituko.
Gaur kaleratu duen oharraren bidez, Eibar taldeak eskerrak eman dizkie Peñari eta Larrañagari, erakutsi duten profesionaltasunagatik eta konpromisoagatik, eta etorkizunean "zorte ona" izatea opa die klubak.
Eibarko neskek sailkapeneko hirugarren postuan bukatu dute denboraldia, eta zapatu honetan Euskal Herriko Kopako finalerdietako partida jokatuko dute Athletic-en aurka, 17:00etan hasita, Garmendipe futbol zelaian. Taldea utziko badu ere, zapatuko neurketan Peña ariko da taldea zuzentzen.
Bukatu berri den denboraldia hasi aurretik, Peñarekin, Larrañagarekin eta Unai Urbizu Eibarko nesken bigarren taldeko entrenatzailearekin elkarrizketa osatu zuen Uztarria.eus-ek. Honako lotura honetan irakur daiteke solasaldia.