Buruz Buruko Promozio Txapelketako esku-pilota partida jokatuko dute Jon Alberdi azpeitiarrak eta Aitor Aranguren aginagarrak larunbatean, Izarraitz pilotalekuan, 17:45ean hasita. Alberdik profesional ibilbidean lehen aldiz jokatuko du banakako txapelketa. Azpeitiarrak joan zen irailean sinatu zuen kontratua Asegarce enpresarekin, eta urriko aldizkarian elkarrizketa egin zion hari Uztarriak. Profesionaletan debuta, berriz, irailaren 29an egin zuen Alberdik, etxean.
Zapatuko jaialdian bigarren partida bat ere izango da: Bengoetxea VI.a eta Mariezkurrena II.a Artolaren eta Albisuren aurka ariko dira lehian. Dagoeneko jarri dituzte jaialdirako sarrerak salgai honako lotura honetan. Kantxako sarrerek 25 euro balio dute, eta goiko palkokoek 20 euro. Sarrerak Izarraitzeko txarteldegian ere eskuratu ahal izango dira zapatuan bertan, 12:00etatik 13:30era eta 16:00etatik aurrera. 16 urtetik beherakoek doan sartu ahal izango dute.
Ilunpe Pilota Elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatzen duten urteko bigarren jaialdia izango da zapatukoa.