Herri musika eguneratua, tranpaldora

Uztarria.eus 2019ko abe. 9a, 17:26

Joseba Tapiak eta haren musikari taldeak Tranpaldo diskoaren aurkezpen jaialdia egin zuten atzo, igandea, Soreasu antzokian. Dozenaka lagun izan ziren EITBk grabatu zuen kontzertuan, eta Tapiak diskoan jaso dituen hogei urteko musika ibilbideko hainbat abestiren moldaketak jo zituen, entzuleen gozamenerako. Trikiti doinuez haratago, ahotsek eta haizezko instrumentuek hartu zuten protagonismoa Soreasun; izan ere, Tapia bederatzi musikarirekin eta abeslarirekin igo zen agertokira. Moldaketak berriak baziren ere, ikus-entzuleei ez zitzaizkien arrotzak egin Tapiak eta musikariek eskaini zituzten abestiak, eta aulkietan ziren zale askok ezin izan zioten dantzarako gogoari eutsi hainbat momentutan. Gainera, sorpresa bat ere izan zen atzokoan: Xabier Berasaluze Leturia ere agertokian izan zen panderoa jotzen. Abesti ezagun batekin agurtu zuten Azpeitia Tapiak eta haren taldeak: Compostelako erromesa. Herri musikari edo musika herrikoiari buelta bat eman dio Tapiak, eguneratuta, tranpaldoa musikariz beteta.

Hona hemen, atzoko kontzertuko irudi bat (Alberto Beloki):

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide