Bihar dira osatzekoak azken txostena akusazioko zein defentsako abokatuak

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 15a, 11:29

Akusazioko eta defentsako abokatuak bihar dira txostena osatzekoak, eta epaiketa astelehenean amaituko dela aurreikusi dute. Guztira, zortzi froga aurkeztu dituzte; horietako bat, gorpuaren autopsia, izango da epaiketako froga nagusia.

Atzo egin zuten Getarian bizi zen Amaia Azkue oriotarraren hilketaren inguruko epaiketaren hirugarren saioa, goizez zein arratsaldez. Akusatuaren lekukoek deklaratuko zuten, tartean, azpeitiar gaztearen neskalagunak. "Normaltasunez" egin zuten saioa, aurreko egunetan defentsako abokatu Miguel Castellsek iragarri zuen moduan. Akusazioko eta defentsako abokatuak bihar dira txostena osatzekoak, eta epaiketa astelehenean amaituko dela aurreikusi dute. Guztira, zortzi froga aurkeztu dituzte; horietako bat, gorpuaren autopsia, izango da epaiketako froga nagusia.

Astelehenean hasi zuten 2011ko Ibai Eder urtegian hilik aurkitu zuten emakumearen inguruko epaiketa. Lehenbiziko egunean deklaratu zuen akusatuak, eta errugabea dela adierazi zuen, bigarren deklarazioan esandakoa berretsiz. Lehenengoa pasa den abuztuaren 17an egin zuen, bere burua entregatu zuenean. Hilabete batzuk geroago, aldiz, atzera bota zuen esandakoa, eta beste pertsona bati egotzi zion hilketa.

Bilbo-Behobia autobidean Zarautz parean dauden kamerek jasotakoak, ordea, bigarren deklarazioa gezurtatzen du. El Diario Vasco egunkariak kaleratutakoaren arabera, pertsona bakarra zihoan autoan handik igaro zenean, eta ez bi lagun.

Haren abokatu Ioanes Labaienek "errugabetasunerako eskubidea" duela nabarmendu zuen herenegun, "kontrakoa frogatu arte". Egun horretan bertan deklaratu zuten Azkueren alargunak, hilotza aurkitu zutenek eta biktimarekin kafea hartu zuten lagunek, besteak beste.
Epaiketa ateak itxita egiten ari dira, epailearen aginduz. Hilketa egotzi dioten azpeitiarra ustez delitua egin zuenean adin txikikoa zenez, haren intimitatea babeste aldera hartu du erabakia.

Atzo, Azpeitiko Bilduk Amaia Azkueren kasua "lehenbailehen argitzea" eskatu zuen. Bestalde, bihar, ostirala, urtebete beteko da Amaia Azkue hilda agertu zela. Horren harira, elkarretaratzea egingo dute 19:30ean hasita, plazan. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide