XXXIII. Sokamuturra Argazki Lehiaketa Imanol Elias Sariaren erakusketa gaur, zapatua, eguerdian ireki dute Betharramen. Apirilaren 1a arte ikusi ahal izango da, astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta zapatu eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.
Erakusketa ireki aurretik, aurtengo lehiaketaren sariak banatu ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak. Juan Mari Amenabar Otola-k irabazi du aurten karnabaletako sokamuturrean oinarritzen den lehiaketa hau, Zezena izeneko argazkiarekin. Imanol Eliasen izena eman dio lehiaketari aurten aurreneko aldiz Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Elias bera izan da Juan Mari Amenabar Otola-ri lehen saria eman diona. Kutxaren babesean, Imanol Elias izan zen lehiaketa abian jarri zuena; Antxieta Etxeko erakusketa aretoaren bidez, 35 urtez antolatu zuen lehiaketa. Orain dela zortzi urte, Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) hartu zuen antolaketaren lekukoa. AAEko kide Juan Mari Ibarzabalek esan duenez, "zor handia" dute Eliasekin eta horregatik erabaki dute lehiaketaren sariari haren izena ematea. "Sokamuturrak segitzen duen bitartean eta Udalak dirua jartzen segitzen duen bitartean, horrela jarraituko du", esan du Ibarzabalek.
Ikusleen saria
Aurten sari gehigarri bat banatuko du AAEk karnabaletako zezenaren argazkien lehiaketaren barruan. Hain zuzen ere, gaur abian jarri duten erakusketako ikusleek beren argazki gustukoena aukeratu eta haren alde bozkatzeko aukera izango dute. Boto gehien lortzen dituen argazkiaren egileak jasoko du Ikusleen Saria izango den hori. Bozkatzen duten ikusleen artean, berriz, hamar argazki anpliazio zozkatuko ditu argazki elkarteak.