Ordu eta erdi iraungo zuela aurreikusi arren, Azkue auzian defentsak jarritako helegitea aztertzeko saioak luzeago jo du Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, Donostian. Epaizain geratu dira bi aldeak, eta maiatzaren 17an epai finkorik ez balego, Ander E. aske gera liteke.
Epaiketan deklarazioa eman zuen lekuko batek eta Ander E. aztertu duen psikologoak hartu dute hitza, besteak beste. Bere garaian igaro zen epailearen aurretik lekukoa; kasua epaitzen ari zirela motorzale batek eraso egin zion emakumea da, hain zuzen. Lekuko horren familiak gertatutakoa argitzea eskatu zuen joan den apirilean. Lekukoaren ostean, defentsa abokatu Ioanes Labaienek hartu du hitza eta Nuarbeko martxoko erasoak eta hilketak lotura dutela argudiatu du, kustodia kateko hutsuneak nabarmendu eta sakonago ikertu behar dela adierazteko. Labaienen arabera, "gauza arraroak" ari dira gertatzen hilketa gertatu zenetik
Adierazpen horien aurrean, Azkuetarren abokatu Miguel Castellsek adierazi du bertsio hori "estrabagantea" dela, "sinestezina izateraino". Eta epaileak ere hitz horiek berak erabili dituela zehaztu du. Ander E. aztertu duen psikologoa ere igaro da epailearen aurretik gaurko saioan, eta fiskalak ere egin ditu adierazpenak.
Ander E. azpeitiarra hilketaren erruduna dela ebatzi zuen Donostiako Adingabekoen Epaitegiak apirilaren 2an, eta erregimen itxian bete beharreko hamar urteko zigorra jarri zion.