Mihiluzerik mihiluzeenak

Uztarria.eus 2012ko eka. 1a, 15:01

Mihiluze 1.000 saiora iritsi dela-eta, orain artean zaku handiena irabazi duten bikoteekin emanaldi bereziak egingo dituzte datorren astean. Han izango dira bi azpeitiar bikote: Aitor Hernandez eta Eñaut Frantzesena, zein Igor Aranguren eta Iñigo Unanue.

ETB-1eko Mihiluze lehiaketa ezaguna zazpigarren denboraldia den honetan, 1.000. saiora iritsi da. Hori dela-eta, Mihiluze saio bereziak eskainiko dituzte datorren astean. Mihiluze hasi zenetik hona diru gehien irabazi duten parte hartzaileekin liga moduko bat egingo dute aste guztian, eta bikote onenak 5.000 euro irabaziko ditu.

Bi azpeitiar bikote izango dira saiootan: Aitor Hernandez eta Eñaut Frantzesena, zein Igor Aranguren eta Iñigo Unanue. Asteartean, ekainak 5, emango dute Aitorrek eta Eñautek parte hartuko duten finalaurrekoa. Aldiz, asteazkenean eskainiko dute Igorrena eta Iñigorena. Azken horiek aurkari izango dute Mihiluze saioan inoiz eman den zaku potoloena irabazi zuen bikotea: Lekeitioko Izaskun eta Iker, hain zuzen.

Nagore Aranburu ere bai

Saio berezi horiez gain, ikusleak sarituko dituen saio berezi bat ere prestatu dute Mihiluzekoek. Hala, zenbait kirolarik, aktorek eta kazetarik hartuko dute parte saio horretan. Nagore Aranburu azpeitiar aktorea han izango da, Mikel Pagadirekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide