Uztarriak, 'Hitza'-k eta Kultur Mahaiak lankidetzan egingo dute kultur albistegia

Uztarria.com/kultura helbidean aurki daitezke albiste horiek, eta atal batzuekin osatu dute gunea. Kultur albisteak gune batean batzea, berri kopurua ugaritzea, leku gehiagotara iristea eta baliabideak optimizatzea dira helburuak. Kultur Mahaiak, era berean, webgune korporatibo bat sortu du: azpeitikokulturmahaia.com.

Uztarria Komunikazio Taldeak, Urola Kostako Hitza-k eta Azpeitiko Kultur Mahaiak indarrak batu dituzte eta hemendik aurrera herriko kultur albisteen berri elkarrekin emango dute, lankidetzan, webgune batean bateratuta.

Helburuak kultur albisteak gune batean batzea, berri kopurua ugaritzea, leku gehiagotara iristea eta baliabideak optimizatzea dira.

Uztarria.com-eko komunitatean kide diren kultur eragileen guneetako albiste batzuk ere kultur atari horretan irakur daitezke. 

Uztarria.com/kultura helbidean aurki daitezke albiste horiek. Horretaz gain, gune horretan eskubiko zutabean kultur arloko beste osagai batzuk daude:

  • Kultur Mahaiaren informazioa eta bazkidetza.
  • Hurrengo kultur ekitaldien agenda.
  • Azpeitiko eskuko kultur agendaren PDFa.
  • Sanagustin kulturguneko webera lotura —hark bere gunearekin segituko du, kulturgunearen izaerak eta martxak hori behar duelakoan—.
  • Uztarria.com-eko komunitatean kide diren kultur eragileen guneetara lotura. 

Kultur Mahaiak 2009ko abenduan lapikue.net kultur webgunea sortu zuen, eta harrezkero 600 albiste pasa egin ditu. "Herrian kultur mugimendua badela ikusteko balio du kopuru horrek". Indarrak metatu, eta Uztarriarekin eta Hitza-rekin batera aritzea erabaki zuen Kultur Mahaiak bere azken batzarrean. Hurrengo asteetan mantenu lanak baino ez ditu egingo lapikue-n. Hori bere garaian sortzeko Udalak emandako laguntza eskertu du. 

Webgune korporatibo bat sortu du Kultur Mahaiak: azpeitikokulturmahaia.com. Atalak:

  • Azpeitiko kultur talde guztien oinarrizko informazioa dago.
  • Kultur Mahaiaren argazkiak eta bideoak.
  • Kultur bilguneari buruzko albisteak.
  • Bazkidetza.
  • Kultur ekitaldien artxibategia.
  • Uztarria.com/kultura-ko eta Sanagustineko webeko azken albistera lotura.
  • Herriko eskuko kultur agendaren PDFa. 

Era berean, Facebook-eko orria sortu du, eta kulturari buruzko YouTubeko kanala sortzeko asmoa dauka.

Aldaketaren arrazoia

Orain arte Azpeitiko kultur albiste guztiak ez zeuden leku batean bilduta —Uztarria eta Hitza-ren kasuan bai—, batzuetan Kultur Mahaiak eta besteek albiste bera ematen zuten, besteetan agian uztarria.com-ek berri bat sartu zutelako Kultur Mahaiak ez eta alderantziz, eta tarteka ekitaldietan kazetariak biderkatuta izaten ziren. "Ondorioz, indarrak elkartu, eta kultur albiste denak leku bakar batean biltzearen aldeko apustua egin dugu, haiekin hitz egin ondoren", dio Kultur Mahaiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide