Greba, hilabeterako bidean

Urola Kostako Hitza 2012ko uzt. 11a, 17:54

Ekainaren 15ean hasi zuten greba mugagabea Corrugados Azpeitiako langileek. Kaleratzeen aurka eta enpresaren etorkizuna argitzeko eskatuz, laranjaz jantzita mobilizatzen dira egunero.

Igandean hilabete beteko du Corrugados Azpeitiako langileen grebak. Dagoeneko, Iruzurrik ez!leloa duten kamiseta laranjak egunerokoak bilakatu dira Azpeitiko kaleetan, biribilguneetan, Corrugados Azpeitia tailerraren atarian, Donostian Lan Delegaritzaren aurrean, Gasteizen Eusko Jaurlaritzaren aurrean... Bizikleta martxak, elkarretaratzeak, auto karabanak egin dituzte ekainaren 15etik. Aste honetarako mobilizazioen plangintza ere eginda dute: goizetan eta eguerdietan Sanjuandegiko biribilgunean elkarretaratzeak egingo dituzte, besteak beste.

Atzo goizean, Corrugadoseko langileak Azpeitiko epaitegiaren aurrean egin zuten protesta ordubetez. Enpresako giza baliabideetako arduradunek enpresa batzordeko bi kideren kontra salaketa jarrita zutelako. Ondorioz, Langileen LABeko eta ELAko bi ordezkarik epailearen aurrean deklaratu zuten. Baina salaketa erretiratu egin zuen zuzendaritzak. "Enpresan sartzen ez uzteagatik eta iraintzeagatik jarrita zuten salaketa, baina erretiratu egin dute. Guk 08:00etatik 09:00etara enpresaren aurrean egoteko baimena eskatuta geneukan. Gainera, tailerrera sartzeko beste lau ate ere badituzte, baina justu gu bilduta geunden atetik sartu ziren. Hori probokazioa dela iruditzen zaigu", adierazi dute Enpresa Batzordekoek.

Aldarrikapena, tinko

Mobilizazioak hasi zituzteneko leloarekin jarraitzen dute langileek. "305 langileren alde egiten ari gara eta egingo dugu. Denok edo inor ere ez", diote. Corrugados Azpeitiako zuzendaritzak 60 langile kaleratzea aurreikusten du, soldatak %35 jaistea, eta urteko lanaldia 49 ordu gehiagokoa izatea. Langileak kaleratu ondoren, enpresan geldituko liratekeen langileei urte bukaera arteko suspentsioko lana erregulatzeko txosten bat ezarri nahi diete.

Salaketak-eta "distraziorako maniobra" direla uste dute langileek. Zuzendaritzak Corrugados Azpeitiako langileen etorkizuna zein den argitzeko pausorik ez duela eman salatu dute langileek.  "Arazoa hor dago, mahai gainean, eta ez dakigu bertako zuzendaritzak ezer esateko autonomiarik ez duen, edota Jerezetik Gallardo Taldetik eskuak lotuta dituzten". Langileek "gogor" eusten diote jarrerari. "Barneratuta daukagu zeren alde ari garen mobilizatzen".

Corrugadoseko langileen ELAko eta LABeko ordezkariak Donostiara, Euskal Autonomia Erkidegoaren Lan Harremanen Kontseilura joan dira gaur, asteazkena. "Bilera bat dugu bertan, eta gu joan joango gara; bilerara deitu gaituzte eta hantxe izango gara", azaldu dute.

Bihar, langileen batzarra

Corrugados Azpeitiako langileek batzar orokorra egingo dute bihar, osteguna, 10:00etan, Azpeitiko Soreasu antzokian. Enpresa Batzordeak langileak parte hartzera deitu ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide