Erika Olaizola: "Etapa berri bat hasi dut eta neure puntua topatu beharko diot"

Uztarria.eus 2012ko ira. 7a, 19:35

Erika Olaizola Leire izango da 'Goenkale'-n

ETBko Goenkale telesail ezaguna istorio eta aurpegi berriekin itzuliko da, beste behin, denboraldi berrirako. Eta aurpegi berrien artean egongo da Erika Olaizolarena (Azpeitia, 1989). Telesailaren atal berriak irailaren 17an hasiko dira ematen ETB1-en, baina hilaren 24tik aurrerako ataletan ikusi ahal izango da Olaizolaren lana. Azpeitiarra Leire izango da Arralden.

"Pentsatzen nuen hori galdetuko zenidatela", dio irribartsu, Goenkale-n jokatuko duen rolari buruz hitz egiteko eskatutakoan. Leire amarekin eta anaia gazteago batekin bizi den neska da. "Izaera indartsudun pertsona da, gauzak zuzen botatzen dituena, igoal formak galduta ere bai askotan", azaldu du, Leireren pertsonaia aurkeztuz. Denboraldiak aurrera egin ahala, ordea, "babeserako darabilen gogor itxura" hori zulatuz joango dela uste du Olaizolak: "Grabazioan oraindik horraino ez gara iritsi, baina uste dut Leirek oso pertsona sentikorra dela erakutsiko duela; gauzek afektatzen diotela, erakutsi edo adierazi ez arren".

Bi aste besterik ez daramatza lanean eta orain artekoarekin "gustura" dago Erika Olaizola. Aktore bezala aurreneko lana du hau telebistan, baina Goenkale barrutik lehendik ere ezagutzen zuen: errealizazio ikasketak egin zituen eta errejidore lanetan praktikak ETBren telesail beteranoenean egin zituen. Horrez gain, kastinak ere behin baino gehiagotan egin izan ditu Goenkale-rako. "Besteetan igoal gogo gehiagorekin aurkeztu izan nintzen, gainera. Aurten, jendeak bultzatu nauelako aurkeztu nintzen, esate baterako, eta hartu egin naute. TAE-n [Donostiako Taller de Artes Escenicas] hiru urteko ikasketak oraintxe bukatu ditut eta, beraz, etapa berri bat hasteko aukera eman dit honek".

Goenkale-n kamera atzeko lana nolako den badaki eta orain ari da ikasten "bestaldekoa", kamera aurrekoa, nolakoa den. Horri buruz badaki zerbait Olaizolaren amak, Gurutze Eizmendik; baina horretaz ez dutela gehiegi hitz egin dio alabak. "Berak bizi zuena jaso nuen bere garaian, baina orain ez diot amari asko galdetu. Kamera atzetik egindako lanarekin ikusten duzu, gutxi gorabehera, funtzionamendua nolakoa den, kamera aurrean jarritakoan diferentea dela konturatu arren". Aurreneko egunetan erritmoa beste era batekoa izan badu ere, grabazioetan astean bi egunez ariko da, printzipioz, Olaizola, eguneko bost bat sekuentzia grabatzeko. "Txandak sei eguneka antolatuta daude -azaldu du-. Nik sei egun aurretik dakit hurrengo sei egunetan zenbat eta zein egunetan egin beharko dudan lana eta zer ikasi beharko dudan. Gidoiak ikasteko denbora badago".

Goenkale-ren pisua

"Hemeretzi urtean jarraitzaile izateko, ez izateko... denetarako denbora" eman diola dio Goenkale-k. "Azkenaldian gehiegi ez" duela jarraitu izan aitortzen du, "baina, hala ere, haria nahikoa erraz" segitu daitekeela iruditzen zaio. "Txikitan Goenkale asko jarraitu eta asko konpartitzen genuen geure artean, asko bizi genuen. Hemeretzi urtean telesaila asko ikusi izan dudala esango nuke, egia esan; baina egia da, azkenaldian nahikoa utzita izan dudala".

Azpeitian ETB1-eko saioak dezenteko tiradizoari eusten dionaren jakitun ere bada Olaizola, baita antzematen hasia ere: "Hemen jendeak derrepente jakiten du dena eta aurreko batean, oraindik lanean hasi gabe nengoela ere, parranda batean jada hasi zitzaidan jendea horrekin. 'Hasi gabe, eta hau ja horrela bada...', pentsatu nuen. Niri horrek atzerakada ematen dit. Etapa berri bat hasi dut eta neure puntua topatu beharko diot, baina...".

Telebistan agertzen hasten denean bere lanak orain arte izan ez duen oihartzuna izango duela badaki. Hala ere, ez dago "akomodatzeko" prest. Emakumeen Antzerki Tailerrean jarraituko du, "noski"; pare bat aste barru estreinatuko duten laburmetraia batean aritu da, eta beste pare bat lagunekin Sahararen inguruko antzezlan bat egin asmo dute; eta Aste Santuan urtero egin ohi duen antzerki ikastaroa ere ez du bazterrean utzi nahi. "Ikusten, ikasten eta jasotzen jarraitu nahi dut", dio.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide