Gipuzkoako Distantzia Luzeko Liga, Pablo Etxeberriarentzat

Uztarria.eus 2012ko ira. 10a, 18:47

Atzetik aurrera eta eskubitik ezkerrera, Joanes Astigarraga, Maialen Aizpuru, Pablo Etxeberria eta Jon Aizpuru. (IZARRAITZ IGERI ELKARTEA)

Azpeitiar igerilariak hirugarren postua lortu zuen Kontxako badian jokatutako azken proban eta, horrenbestez, udan zehar egin den liga aurreneko tokian bukatu du, senior mailan. 2011n infantil mailan eskuratu zuen txapelketa bera.

Iazkoa bezala, 2012koa ere uda oparoa izan da Pablo Etxeberria igerilari gaztearentzat. Izarraitz Igeri Elkarteko 15 urteko kirolariak Distantzia Luzeko Gipuzkoako XXII. Liga irabazi du aurten ere, baina oraingoan senior mailan. Aurten lehiatu da lehen aldiz maila gorenean Etxeberria eta estreinaldia ezin hobea izan da beretzat, 2011n infantil mailan lortu zuen garaipena errepikatu baitu.

Distantzia luzeko liga udan eta itsasoan jokatzen dute igerilariek. Guztira sei lasterketak osatzen dute egutegia. Aurrena uztailaren 29an jokatu zuten Getaria eta Zarautz artean. Azkena, berriz, joan den zapatuan, irailak 8, Donostiako Kontxako badian. 2.200 metroko distantzia bete behar zuten igerilariek eta Etxeberriak sailkapen orokorrean bosgarren tokia eta senior mailan hirugarrena eskuratu zituen azken lasterketa horretan. Hor batutako puntuei esker, gainera, ligako sailkapen nagusia poltsikoratu zuen.

Infantilak ere txukun

Etxeberriaz gain Izarraitz Igeri Elkarteko beste hiru ordezkarik ere hartu zuten parte Kontxako proban, hiruak infantil mailan. Mutiletan, Jon Aizpuru laugarren postuan sailkatu zen eta Joanes Astigarraga berrogeigarren; nesketan, berriz, Maialen Aizpuru hamaikagarrena izan zen.

Infantilen ligako sailkapenean, Jon Aizpuru laugarrena izan da azkenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide