Gallardo: "Inoiz ez dugu aurreikusi Corrugados ixtea"

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 13a, 13:44

Enpresak galerarik ez duen bitartean irekita mantenduko duela adierazi du zuzendaritzak. Horretarako, 60 langile kaleratu eta Lana Erregulatzeko Txostena ezarri beharra dutela diote, soldatak %35 murriztuz eta langileen urteko lanaldiari 49 ordu gehituz. 

"Inoiz ez dugu aurreikusi Corrugados Azpeitia ixtea". Hala jakinarazi dio Alfonso Gallardo Taldeak, Corrugados Azpeitia enpresaren jabeak, El Diario Vasco egunkariari, hedabidera igorritako ohar baten bidez. Abuztuan enpresaburuek ateratako oharretan, bestelakoa esaten zuten, ordea. Enpresaren gaur egungo egoera aldatuko ez balitz, bederatzi hilabeteren buruan itxi egingo zutela zioten orduan. Oraingo ohar honetan, berriz, zera diote: "Enpresa irekita mantentzeko konpromisoari eusten diogu, baldin eta galerarik ez badu".
 
Azken urteotan 100 milioi euroko galerak izan dituela, eta Azpeitiko enpresaren produkzioa gaur egungo merkatuaren eskarira egokitu beharra daukala diote oharrean enpresaburuek. Horretarako, 60 langile kaleratu eta Lana Erregulatzeko Txostena ezarri beharra dutela diote, soldatak %35 murriztuz eta langileen urteko lanaldiari 49 ordu gehituz. Buruen esanetan, murrizketok inoiz ez dituzte kontuan hartu enpresa batzordekoek eta "negoziazioetan jarrera zurruna" izan dute.
 
Gaur egungo egoeran "miraririk" ezin dutela egin esan dute enpresaburuek. "Enpresa Batzordeak plantaren produkzio eta datu ekonomiko denak ditu, eta guk inoiz ez dugu irabaziez hitz egin, galerak gutxitzeaz baizik", diote aurrez aipatutako hedabidean.
 
Corrugados Azpeitia enpresako LABko eta ELAko langileen ordezkariak joan den astelehenean bildu ziren lantegiko buruekin, Madrilen. Orduan, nagusien aldetik bilera "antzerki hutsa" izan zela salatu zuten, eta langileen kontrako murrizketak bere horretan mantentzen zituztela kritikatu zuten. Langileek etorkizuna argitzeko eta bideragarritasun plana aurkezteko eskatzen diote buruei. Etzi hiru hilabete beteko ditu Corrugadoseko langileen grebak, herenegun grebarekin eta itxialdiarekin jarraitzea erabaki eta gero.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide