Lagun Onakek Leioa liderra hartuko du zapatuan Garmendipen

Uztarria.eus 2012ko ira. 14a, 18:52

Hirugarren Mailako laugarren jardunaldiari dagokio neurketa eta 17:00etan jokatuko dute. Partida hasi aurretik, aurreko denboraldian Kopa irabazi zuen klubeko Infantil Txiki mailako taldea omenduko dute.

Joan den astebukaeran Azkoitian Anaitasunari irabazi eta denboraldiko aurreneko garaipena lortu ondoren, Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeak beste erronka erakargarri bat izango du bihar, zapatua, Garmendipen. Azpeitiko taldeak Leioa hartuko du bertan, gaur egungo liderra. Bizkaitarrak orain arte jokatutako partida guztiak -hiru- irabazi dituzten bakarrak dira; jokoan jarritako puntu guztiak bereganatzeaz gain, oraindik ez dute golik jaso Leioakoek. Lagun Onakek, berriz, bost puntu ditu, partida bat irabazi eta beste bi berdinduta. Ligako laugarren jardunaldiari dagokio neurketa eta 17:00etan jokatuko dute.

Partida hasi aurretik, aurreko denboraldian Ricardo Amubietaren eta Gorka Ibargurenen aginduetara Kopa irabazi zuen klubeko Infantil Txiki mailako taldea omenduko dute Garmendipen. Bestetik, 2012-2013 denboraldirako bazkide txartela oraindik jaso ez dutenek horretarako aukera ere izango dute bihar futbol zelaian, Lagun Onaken zuzendaritzak gogorarazi duenez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide