Urola Kostako LABek irailaren 26ko grebarako deia egin die herritarrei

Urola Kostako Hitza 2012ko ira. 21a, 13:34

Deklaratzera deitutako hiru zarauztarrei babesa emateko elkarretaratzea, atzo, Azpeitiko epaitegian. (Nerea Uranga)

Herenegun eta atzo, martxoaren 29ko greban parte hartzeagatik atestatua ireki dieten hiru zarauztar epaitu zituzten Azpeitiko epaitegian. LABek deituta elkarretaratzea egin zuten, eta han izan ziren Corrugados Azpeitiako langileak ere. Gaur, ostirala, grebarako deia eginez agerraldi zabala egingo dute, 20:00etan hasita.

Herenegun eta atzo hiru zarauztarrek deklaratu zuten Azpeitiko epaitegian, lana egiteko eskubidearen aurkako delitua leporatuta. Martxoaren 29ko greba orokorrean Zarauzko malekoian zeuden hiru lagunak pankarta bat eskutan zutela, ertzainak bertaratu eta atestatua ireki zietenean. Auzipetuei babesa emateko eta elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo Urola Kostako LABeko ordezkariek Azpeitiko epaitegiaren aurrean. Kasua artxibatzeko eskatu zuten. Atzoko elkarretaratzera ekainaren 15etik greban dauden Corrugados Azpeitiako langileak ere gehitu zitzaizkion.

Hiru lagunak auzibidean jartzea ez dela "kasualitatea" azaldu zuten LABeko ordezkariek. "Azkenaldian botere ekonomikoak eta politikoak greba eskubideari eraso egiteko helburu argia erakusten ari dira, egiten dituzten adierazpenekin eta hartzen dituzten erabakiekin". Horrekin greba "kriminalizatzea" dutela xede salatu dute sindikatuko ordezkariek.

Kasu honetan ere "greba eskubidea kriminalizatu" nahi dutela salatu du LABek, eta hiru zarauztarrei leporatu nahi dietena "erabat faltsua" dela. "Hiru auzipetuek egun horretan burutu zutendelitu bakarra protesta era baketsuan egitea izan zen, ez besterik", esan dute LABeko kideek.

"Fartsa judiziala"

Greba eskubidea, langileek beren interesak defendatu, eta kapitalari, patronalari eta "horiei men egiten dien instituzioei" aurre egiteko bitartekorik garrantzitsuena dela esan du LABek. Horregatik, hiru zarauztarren aurkako "fartsa judiziala" bertan behera uzteko eskatu dute; "kasua artxibatu eta greba eskubidea errespeta dezatela".

"Bide propioaren beharra"

Horrez gain, Urola Kostako LABek, hilaren 26rako deitutako greba orokorrean parte hartzera deitu ditu herritarrak: "Greba orokorra aski justifikatuta dago eta gainera beharrezkoa da, Madriletik inposatzen ari zaizkigun neurriak tamainarik gabeko iruzur soziala eta politikoa suposatzen dutelako". "Finantza sistemari emandako erreskatea herritarrok ordaintzea nahi dute", salatu du sindikatuak. Eta horretarako lege eta dekretu bidez sekulako "lapurreta suposatzen duen" murrizketak ezartzen ari direla gehitu.


Horrez gainera, gastuak murrizteko aitzakiarekin Espainiako Gobernuak "guztiz zentralizatua eta uniformizatua" izango den beste bat inposatu nahi duela salatu dute.

Baina, LABekoen arabera, Euskal Herriak bere bide propioa egitea "inoiz baino beharrezkoagoa" da, eta horretarako burujabetza politikoa eta ekonomikoa behar ditu, "bere bitarteko propioak behar ditu, erabakitzeko gaitasuna behar du, bere erabaki propioak hartu eta bere politika propioak garatzeko". Hilaren 26rako deitutako grebarekin erakutsi nahi dutena horixe da: "Euskal Herrian burujabetzaren bidetik beste eredu sozial eta ekonomiko baten alde egiteko eta krisiari beste alternatiba bat eraikitzeko prest dagoen masa sozial nahikoa badagoela".

"Kalera atera beharra"

Datorren asteazkenean, irailaren 26an, Urola Kostako herrietako kaleak herritarrez bete beharra dagoela azaldu dute LABekoek. Egun horretako "indar erakustaldiarekin" Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko prozesu politikoa "indartu eta azkartzeko" eskatzeko, eta "Gasteizko eta Iruñeako gobernuei estatu espainoleko murrizketak ez ezartzeko" exijitzeko izan behar duela adierazi dute sindikatukoek.

Greba orokorraren egunaren aurretik,  Azpeitian, gaur, ostirala, grebarako deia eginez agerraldi zabala egingo dute, 20:00etan hasita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide