EH Bildu izan da bozkatuena Azpeitian Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Uztarria.eus 2012ko urr. 21a, 22:21

Taulan mahaiz-mahai Azpeitiko botoak.

Kontaketa bukatuta, EH Bilduk bozken %46,88 jaso du (3.597 boto). EAJ izan da bigarren bozkatuena %43,36arekin (3.326). PSE-EEk bozken %4,80a lortu du, PPk %2,48a eta UPyDk %0,33. Parte-hartzea %70,28koa izan da. EAEn, kontaketa bukatuta, EAJ izan da garailea, botoen %34,64arekin; 27 aulki izango ditu. Bildu da bigarren indarra (%25,00, 21 aulki) eta ondoren datoz PSE-EE (%19,13, 16 aulki), PP (%11,73, 10 aulki) eta UPyD (% 1,94, 1 aulki).

Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako boto guztiak zenbatuta, Bildu izan da bozkatuena Azpeitian, botoen %46,88rekin (3.597 boto). EAJk bozken %43,36a (3.326) jaso du. PSE-EEk 368 boto batu ditu (%4,80), PPk 190 (%2,48) eta UPyDk 25 (0,33). Parte-hartzea %70,28koa izan da.

EAEn, kontaketa bukatuta, EAJ izan da garailea, botoen %34,64arekin; 27 aulki izango ditu. Bildu da bigarren indarra (%25,00, 21 aulki) eta ondoren datoz PSE-EE (%19,13, 16 aulki), PP (%11,73, 10 aulki) eta UPyD (% 1,94, 1 aulki). Parte-hartze orokorra Azpeitikoa baino baxuagoa izan da, %65,82.

Gipuzkoan EH Bildurena izan da zerrendarik bozkatuena, 114.460 bozkarekin, eta EAJ bigarrena, 113.978rekin. Biek 9na eserleku lortu dituzte. Horrenbestez, Alex Etxeberria azpeitiarra berriro legebiltzarrean arituko da (laugarrena zen jeltzaleen zerrendan). EH Bilduren zerrendan hamabigarren tokian zegoen Jose Luis Otamendik ez du eserlekurik izango Gasteizen.

Ezker abertzalea barne izan den koalizioak lehian izan diren azken hauteskundeak kontuan hartuta, urriaren 21eko hau izan da Azpeitian emaitzarik estuena izan duen bozketa. 2011ko udal hauteskundeetan Bilduk gehiengo osoa lortu zuen herrian, 4.333 botorekin; EAJk 2.219 izan zituen alde orduan. Urte berean egin ziren Espainiako Kongresurako hauteskundeak eta, kasu hartan Amaiurrek, Azpeitian 4.012 bozka lortu zituen, eta EAJk 2.372. Hala ere, Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeekin alderatuta, 2009koekin, EAJk boto gutxiago batu ditu gaur, igandea: 3.894 jaso zituen 2009an eta 3.326 gaur. 2009an, ezker abertzalearen hautes-zerrendak legez kanpo utzi zituzten.

Erreakzioak

Alex Etxeberria (EAJren hautagaia): "Oso pozik gaude, bai Azpeitian jasotako emaitzengatik, baita udal zein Espainiako Kongresurako hauteskundeetatik eman dugun jauziarengatik ere. Gipuzkoan, zer esanik ez. Oso gustura gaude eta eskerrak eman nahi dizkiegu gugan konfiantza jarri duten guztiei".

Jose Luis Otamendi (EH Bilduren hautagaia): "Batetik, esan beharra dago emaitzetatik inkestek eman zituzten aurreikuspenetako koskarik bajuenetik gertu gelditu garela. Emaitzek erakusten dute gaur egungo EAEko egoera zein den hauteskundeei dagokienean, eta horri aurrez aurre begiratu behar zaio. Hausnarketa egin beharko da. Bestetik, behingoz ilegalizazioaren bidea gainditu dugu eta 21 legebiltzarkideko talde sendoa izango gara; lanerako ez da hasiera txarra, jakinik gure bidea luzea izango dela eta gure hautua ez dela erraza.

Gure ilusioa da lanean segitzea, kontuan hartuta aipatu izan ditugun helburuak, eta independentzia eta aldaketa soziala jendartean txertatzea ez dela egun batetik bestera lortzen den zerbait. Horrek eskatzen du lan serioa eta denborarekin eta lanarekin lortzea jendearengana heltzea. Esan daiteke batez beste bozkak jaitsi direla, Amaiur edo Bilduren emaitzekin alderatuta, herri gehienetan. Baina gure apustua da itxaropenari heltzea eta aldaketa sozial eta politikorari begira goiari eustea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide