"Gizarte arazoei aurre egiteko" batzarra egingo dute ostegunean, Sindikatu Zaharrean

Uztarria.eus 2012ko aza. 19a, 13:31

Greba Batzarraren ideiatik abiatuta, batzordea osatzeko lanean ari da herritar talde bat, "zuzen-zuzenean eragiten diguten faktore horien aurrean herritarrok elkartasunean erantzutea beharrezkoa da-eta". Hala, ostegunean, hilaren 22an, batzarra egingo dute Sindikatu Zaharrean, eta batzarrean parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 

"Azken urteetan, eta bereziki azken hilabeteetan, Azpeitiko herritarrok hainbat arazoren aurrean aurkitzen ari gara: enpresen itxierak, langileen grebak, kaleratzeak, etxe-kaleratzeak, soldata jaitsiera... eta egoerak okerrera egiteko joera agertzen du", azaldu dute irailaren 26ko Greba Orokorrerako lanean aritu zen Greba Batzarraren ideietatik abiatuz, batzordea osatzeko lanean ari den herritar talde batek. "Zuzen-zuzenean eragiten diguten faktore horien aurrean herritarrok elkartasunean erantzuten hastea beharrezkoa dugu, herri bezala eta herritarron ekarpenekin", azaldu dute.

Horrenbestez, ostegunean, azaroaren 22an, 19:00etan Sindikatu Zaharrean egingo duten batzarrera deitu dituzte herritarrak. Antolatzaileen aburuz, "pentsakera zein ideia desberdinak, ekarpenak, ezinbestekoak dira familia eta lagunarte oro astitzen duten arazoei aurre egiteko eta konponbideak bilatzeko".

Joan den astean, asteartean hain zuzen, Amaia Egañaren heriotza salatzeko elkarretaratzea egin zuen hainbat herritarrek, eta elkarretaratzearen ostean "egoera latz horien aurrean erantzun koordinatuak emateko beharra azpimarratu" zutela adierazi dute: "sentsibilitate desberdinetako herritarrak bilduko dituen batzordea osatzea premiazkoa dela azpimarratu genuen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide