Euskaraz bizitzeko, euskarazko komunikabideak behar ditugu

Iban Arantzabal eta Iban Arregi (Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko Zuzendaritza Batzordearen izenean *) 2012ko aza. 28a, 19:31

Larunbatean, abenduak 1, Euskaraz bizi nahi dugu leloa oihukatuko dugu euskaltzaleok Donostiako kaleetan. Euskaraz jarduten dugun hedabide ez publikoak batzen dituen Hekimen elkartearen izenean, Kontseiluak deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu nahi zaituztegu.

Euskal Herri euskalduna nahi badugu, euskaraz bizi nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Euskal Herrian azken hamarkadatan gizarte hedabide sare zabala sortu da: 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonarengana heltzen gara. Esparru txikia da gurea baina, aldi berean, indartsua eta ezinbestekoa euskaraz bizi nahi badugu.

Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean. Baliabideei dagokionez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai. Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan. Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, hizkuntza-komunitatea osatzeko, gizarte hedabide sare zabala behar bezala babestu behar dugu.

Euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzeko, elkarlanaren bidea jorratu dugu urte guzti hauetan euskarazko komunikabideek. Elkarlan hori bideratzeko, Hekimen elkartea sortu berri dugu. 50 komunikabide baino gehiago batu gara, euskaraz bizi ahal izateko euskaraz bizi ahal izateko garrantzitsuak garela aldarrikatzeko.

Euskaraz bizi ahal izateko, ezagutza eta borondateaz gain, ezinbestekoak dira baliabideak. Euskarazko eremuak behar ditugu. Hedabideen kasuan, gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan... gertatzen denaz informatuko gaituzten komunikabideak behar ditugu. Teknologia berriek eta Internetek ekarri dituzten aldaketetara egokitutako komunikabideak.

Komunikabideontzat ez dira garai onak, krisi hotsak nonahi entzuten dira. Baina ilusioz ari gara beharrean, bizi dugun egoera gaitzari elkarrekin erantzunez. Euskal gizarteak garai berriak bizi ditu, testuinguru egokia euskararen normalizazioan behar ditugun aldaketak emateko. Euskarazko komunikabideek, azken hamarkadetan bezala, gure ekarpenarekin jarraituko dugu. Guztiok euskaraz bizitzeko aukera izan dezagun.

 

* Iban Arantzabal (Tokikom), Iban Arregi (Berria), Joseba Igerabide (Xaloa Telebista), Idoia Iparragirre (Gaur 8-Zazpi Haizetara), Berdaitz Goia (Argia), Iñaki Uria (11amaika Telebista), Jon Mikel Zabalegi (Gazteberri) eta Aitziber Zapiain (Euskal Irratiak)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide