Ardo Eguneko dirua Gaixo eta Elbarrien Taldeari emango dio Udalak

Uztarria.eus 2012ko abe. 19a, 12:27

Gaixo eta Elbarrien Taldeak jakien postua jarri zuen plazan, Ardo Egunean.

Ardoaren festak harrera bikaina izan duela, eta 717 kopa saldu zirela esan du Mikel Ibarzabal udaleko festa arduradunak.

Azpeitiko Ardo Egunean bildutako dirua, 450 euro, Azpeitiko Gaixo eta Elbarrituen Taldeari emango dizkio Udalak. Joan den azaroaren 17an izan zen zazpigarren aldiz Ardo dastaketa eguna Azpeitian, 21 upategik parte hartuz.
 
Udalak jakinarazi duenez, aurreko urteetan bezalaxe "giro bikaina" izan zen Azpeitiko plazan eta 717 kopa saldu zituzten; bost euroren trukean kopa bat eta bost ardo dastatzeko txartelak eskuratzeko aukera egon zen egun horretan. Horregatik, Udalak "balorazio positiboa" egin du.  

Udala ezer ordaindu gabe

 Horrez gain, Ardo dastaketa egunerako Azpeitiko Udalak ez duela ezer ordaindu azaldu du Mikel Ibarzabal Festetako zinegotziak. "Ardo Egunerako udalak ez zuen ezer ordaindu, eta gainera 450
euro eskuratu zituen. Diru hori Gaixo eta Elbarrituen Taldeari ematea erabaki du", azaldu du festetako arduradunak.
 
Era berean, Ardo dastaketa eguna antolatzen eta egunean bertan festa aurrera eramateko boluntario bezala lagundu zuten upategi, eragile,talde eta herritarrak eskertu ditu festetako batzordeburuak. "Egun horretan festa giroa sortzen lagundu zuten herritar, ardozale (Odriozola,Pierola, Solaguen, Cerro Añon eta Ostatu), Gaixo eta Elbarrien Taldea eta Azpeitiko Musika Bandari eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu udaletik", gaineratu du Ibarzabalek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide