Eguraldia txarra bada, asteleheneko haurren desfilea ere Izarraitz frontoian egingo da

Uztarria.eus 2013ko ots. 8a, 16:54

Erabakiaren berri gaur, ostirala, eman du Udalak. Ume mozorrotuen festa 12:30ean hasiko da, Olazko Andre Mariaren plazan; eguraldia lagun badute ohiko ibilbidea beteko dute eta, bestela, handik pilotalekura joango dira zuzenean.

Karnabaletarako eguraldi iragarpenak eragina izan du eta izan dezake festa egitarauan. Gaur, ostirala, Azpeitiko Ikastola Ikasberrikoek urteroko kalejira egin beharrean Izarraitz frontoian ospatuko dute Euskal Inauteria (18:30). Eta toki berean ospatu daiteke Astelehen Karnabaleko umeen desfilea ere, eguraldia txarra bada.

Hala iragarri du gaur Udaleko Festa Batzordeak. Astelehenean, haurren mozorro desfilea 12:30ean hasiko Olazko Andre Mariaren plazan. Ordu eta leku hori mantendu egiten dira. Eguraldia kaskarra bada, ordea, kalez kale ohiko ibilbidea osatu beharrean, umeak, musika banda, buruhandiak eta gainontzeko partaideak Olazko plazatik metro gutxira dagoen Izarraitzera joango dira zuzenean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide