Herriko taldeei ekarpena egiteko dei egin die Korrika Batzordeak

Uztarria.eus 2013ko ots. 21a, 12:50

Azpeitiko Korrika Batzordeak datorren martxoaren 14an hasiko den 18. Korrikaren alde ekarpena egiteko dei egin die herriko taldeei. Kilometroa erosi daiteke jada, eta interesa dutenek batzordekoekin jarri beharko dute harremanetan.

Hiru haste inguru falta dira 18. Korrika Andoaindik hasteko, eta herriko Korrika Batzordea lanean ari da Azpeititik pasatzen den egunari begira. Martxoaren 20an, asteazkena, pasatuko da Korrika herritik, eta Azpeitian egingo dituen kilometroetan testigua eman nahi duten taldeei dei egin die batzordeak, oraingoan (soziedadeei ere egin zien deia). Batzordekoek azaldu dutenez, "Korrika aurrera ateratzeko ezinbestekoa da herritarren parte-hartzea".

Kilometroa 400 euro ordaindu beharko da, baina kilometroa bi talderen artean erosteko edo bakoitzak ahal duen ekarpen ekonomikoa egiteko aukera ere jarri du Korrika Batzordeak. Interesa duten taldeetako kideek 661 104 446 zenbakira deitu beharko dute, eta batzordekoek adierazi dutenez, "aurrerago jarriko gara kontaktuan tramiteak egiteko". 


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide