Mark Kiptoo keniarra (1:00:42) eta Tsegereda Girma etiopiarra (1:11:04) nagusitu dira XX. Azkoitia-Azpeitiaren lasterketa nagusian. Kiptook bakarrik zeharkatu du helmugako arrastoa; bigarrena Anthony Maritim (1:01:24) izan da, eta Mark Korirrek (1:02:48) osatu du podiuma. Emakumeen artean lehia askoz estuagoa izan da, eta Girmak helmugan bertan gainditu du bigarren tokian eta irabazlearen marka bera eginez sailkatu den Josephine Jepkoech Chepkorir. Edith Chelimo (1:11:28) izan da hirugarrena. Iaz ez bezala, aurten ez dute lasterketaren markarik hautsi.
Lasa, Cuevas eta Etxeberria, podiumean
Emakumezkoetan zein gizonezkoetan korrikalari afrikarrak gailendu dira, espero zitekeen bezala. Hala ere, etxeko atletek maila bikaina erakutsi dute, eta Azkoitia-Azpeitiarekin batera jokoan izan den Gipuzkoako Maratoi Erdi Txapelketan nabarmendu dira azpeitiarrak.
Gizonezkoetan, ezustekoa eman du Xabier Lasak: sailkapen orokorrean 10. sailkatu da eta, horrekin batera, Gipuzkoako txapela jantzi du, faborito zen Ibon Esparzaren aurretik. Azken horren erbi lanetan aritu da gaur iazko txapelduna, Asier Cuevas; eta, hala ere, hirugarren sailkatu da. Bi aldiz protagonista izan da podiumean Azpeitian bizi den eirbartarra, , eta zenbait antolatzaileen esker ona eta aitortza ere jaso baitu, semea besoetan jaso duen omenaldian.
Emakumezkoen lasterketari dagokionez, Nerea Etxeberria azpeitiarra Gipuzkoako txapeldunorde izan da, Amaia Carretero zarauztarraren ondotik.
2012an ere igo ziren Gipuzkoako Txapelketaren podiumera Lasa eta Etxeberria. Hirugarren izan ziren biak.
Lasterketa herrikoia
Maratoi Erdiaren hogeigarren urtemuga ospatzeko, aurten lehen aldiz 7,5 kilometroko proba herrikoia ere egin da Azkoitia eta Azpeitia artean. Hor, Aitor Etxeberria donostiarra eta Ainhoa Lendinez elgoibartarra izan dira bizkorrenak. Gizonezkoetan, Jon Garate (3.) izan da lehen azpeitiarra, eta emakumezkoetan Naiara Perez (5.).