Harmailak beteta ikusi nahi dituzte

Uztarria.eus 2013ko api. 5a, 22:11

Imanol Zubizarreta eta Ibon Guridi, kiroldegiko harmailak atzean dituztela.

Ibon Guridi eta Imanol Zubizarreta, Azpeitia Azkoitia ISB saskibaloi taldeko azpeitiarrak, prest daude Urrezko LEB ligarako igoera faseari ekiteko. Igandean, 18:00etan, Clinicas Rincon hartuko dute etxean, final laurdenetako kanporaketaren joaneko partidan. Jarraitzaileen "gertutasuna eta animoak" sentitu nahi dituzte, beste behin.

Denboraldiko aste erabakiorrak iritsi zaizkio Azpeitia Azkoitia ISBri. Zilarrezko LEB ligaren fase erregularra sailkapeneko zazpigarren postuan bukatu ondoren, Urrezko LEB ligarako igoera faseari aurre egingo dio Iurgi Caminosen taldeak orain. Lehen kanporaketan, final laudenetakoan,  Clínicas Rincon izango du aurkari, ACBko Unicajaren bigarren taldea. Joaneko partida igandean jokatuko dute, etxean, 18:00etan.

Iraurgiren talde nagusiko bi azpeitiarrak, Ibon Guridi eta Imanol Zubizarreta, igandeko neurketa iristeko irrikitan daude. Guridirentzat 2012-2013koa talde nagusian bigarren denboraldia da, eta lehendabizikoa Zubizarretarentzat. Liga erregularreko azken hiru neurketak galdu egin zituen ISBk, baina azken bolada txar hori "ahaztu" eta azken bi asteetan lana ondo egin dutela diote biek. "Azkenaldian ez dugu emaitz onik lortu, baina hala ere taldea ondo ikusten dut. Gogoz ari gara entrenatzen; moral aldetik ere indartsu gaude, play-offei ekiteko gogoarekin. Ea ba, ezustekoa ematen dugun", dio Ibon Guridik.

Maila pertsonalean, orain arte egindakoarekin konforme eta hemendik aurrerakoari begira gogotsu daude azpeitiar gazteak. Imanol Zubizarreta gustura dago talde nagusiko kide oso gisa jokatzen ari den lehen denboraldiarekin: "Hasieratik garbi izan dut nire rola zein izango zen, joko-antolatzaile nagusiari [Ibargutxi] atsedena ematea. Banekien ez nituela minutu asko izango. Baina, egia esan, pertsonalki egindakoarekin oso gustura nago, neuzkan espektatibak bete ditudalako". Zubizarretak aurten egin duen bidea iaz Guridiri tokatu zitzaiona da, asko-gutxi, jokalariak berak aitortzen duenez. Bigarren denboraldi honetan, berriz, "mailaren barruan pixkat haztea" izan du eginbidea: "Uste dut lortzen ari naizela joan den urtean aportatu nuena baino zertxo bat gehiago aportatzea. Azken batean, talde barruan denok dakigu bakoitzaren lana zein den. Bakoitzak berea ahalik eta ondoena egiten ahalegindu behar gara".

Berdintasun gehiago

Igandeko aurkariari buruz galdetuta, "talde oso gaztea da, erritmo eta intentsitate handiarekin jokatzen duena", nabarmendu du Imanol Zubizarretak. Malagako Unicajaren harrobiko taldea izanda, "gerora begirako oso jokalari onak" dituztela dio Guridik; "oraindik oso gazteak dira, baina batzuk zeresana emango dute hemendik urte batzutara", gaineratu du Zubizarretak.

Urrezko LEB ligarako igoera play-offetan bigarren esperientzia izango da aurtengoa Iraurgikoentzat. Iaz, Ourenseren kontra jokatu eta kanporatuta gelditu ziren, orduan ere final laurdenetan. Zubizarreta ez zegoen orduan taldean. Guridik dioenez, ordea, aurreko denboralditik hona gauzak aldatu egin dira, Zilarrezko LEB mailan aurten taldeen artean berdintasun gehiago dagoelako batetik, eta ISBk berak egin duen lanari begiratuta, bestetik: "Iaz aurreneko itzuli oso txarra eta bigarren itzuli oso ona egin genituen. Ourenseren kontra jokatzea tokatu zitzaigun, eta Ourense zen igotzeko faborito nagusienetakoa. Kanpoan gelditu ginen, baina ezustekoa ematekotan egon ginen, han lehen partida irabazita. Gero etxean galdu egin genuen, baina kanporaketa polita izan zen behintzat".

Jokoan den denboraldiari dagoenez, "talde polita" dutela dio Guridik, "edozeini irabazteko eta edozeinekin lehiatzeko gai garela erakutsi dugu, nahiz eta irregular samar ere ibili izan garen". Fase erregularrean erakutsi duten gaitasun horri eustea espero dute orain, play-offetan. "Denboraldia zehar erakutsi dugu edozeini irabazteko kapaz garela, eta orain ere hori pentsatuta atera behar gara jokatzera", berretsi du Zubizarretak. Igoeraren bila borrokatzeko aukerak "beste edozein taldek bezalaxe" dituztela uste du Guridik baina, horrelakoetan beti esan ohi denez, sekretua "partidaz partida" joatea izango dela iritzi dio Zubizarretak. Besteak beste, aurrera eginez gero, "play-offak oso luzeak" direlako. Erregulartasuna lortzean ikusten dute erronka.

Etxeko mutilak

Azpeitia Azkoitia ISBren plantillako bi azpeitiarrak izateak presio berezirik ez die eragiten. Alderantziz, "oso babestuta" sentitzen direla diote. Ez dute uste etxekoak eta harrobikoak izateagatik jarraitzaileek gehiago eskatzen dietenik. "Jendeak ez digu gehiago begiratzen, animatu egiten gaituzte gehiago -dio Guridik-. Gu jokalari bezala hazten ikusi nahi gaituzte". "Orain bi gauden bezala -gaineratu du Zubizarretak-, urte batzuk barru taldean bost edo sei azpeitiar ikusi nahi lituzkete".

Taldearen jarraitzaileen "gertutasuna eta animoak" sentitzen dituzte, bai kiroldegian eta bai kalean. Baita eskertu ere: "Hori ederra da". Eta, nola ez, igande arratsaldean ere gustura hartuko dute ikusleen babesa eta berotasuna. Imanol Zubizarretak honela esplikatu du, ikusleen animoek zer esannahi duen beraientzat: "Ikustera joaten direnak agian ez dira benetan jabetzen zer izan daitekeen guretzat, kantxan jokatzen ari garenean, harmailak beteta ikustea, azpeitiarrez beteta ikustea, jende ezagunez beteta... Benetan, kristoren aldea egiten duela, harmailak beteta egoteak".

Neurketaren ezaugarriek ere merezi dute, Ibon Guridiren esanetan, "play-offak bereziak direlako, kanporaketek beste xarma bat izaten dutelako. Eta maila horretako saskibaloia ikusteko aukera ona da gainera. Gu gaur egun Gipuzkoako bigarren taldea garela esan genezake, eta aurkarian hemendik urte batzuetara goi-mailakoak izan daitezkeen jokalariak ikusteko aukera ere badago".

Klubak, horrelakoetan ohi duenez, kiroldegira ahalik eta ikusle gehien joateko ahalegin berezia egingo du. Horrela, ISB tabernan tragoa hartzen duenak partidarako sarrera bat jaso dezake trukean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide