Bihar, osteguna, irekiko dute Azpeitia eta Errezil arteko errepidea

Uztarria.eus 2013ko api. 17a, 17:40

Ibilgailuek 12:00etatik aurrera erabili ahal izango dute bidea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak sailak gaur iragarri duenez. Otsailetik itxita egon da bi herriak lotzen dituen GI-2634 errepidearen zatia, luizi baten ondorioz.

Bi hilabete pasa itxita egon ostean bihar, apirilaren 18an, irekiko dute ibilgailuentzat Azpeitia eta Errezil lotzen dituen GI-2634 errepidearen zatia. Horrela iragarri du gaur, asteazkena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak sailak. Errepidearen irekiera ordua ere zehaztu dute: 12:00ak.

Otsailetik itxita egon da GI-2634a Azpeitia eta Errezil artean. Urte hasierako euriteek eragindako luizi handi batek harrapatu zuen errepidea, Azpeitiko herrigunetik bi kilometro eta erdiko distantziara. Hasieran uste zena baino gehiago luzatu da errepidearen irekiera. Aldundiak azaldu duenez, ezponda bat egonkortu beharra zegoen, errepidea ireki ahal izateko, eta egonkortze lanek uste baino zailtasun gehiago eragin dizkiete: "Luizia gertatu eta berehala hasi ziren egonkortze lanak. Lanak nahiko konplexuak izan dira, eta gainera, eguraldiak zaildu egin ditu egonkortze lanak".

Joan den astean iragarri zuten udalek eta Diputazioak hil honen bukaerarako errepidea irekitzea espero zutela. Bi hilabete baino gehiago luzatu da errepidearen itxiera eta, tarte horretan, Urrakitik eta zenbait baserribidetatik ibili behar izan dira Errezildik Azpeitira eta alderantzizko bidea egin behar izan duten gidariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide