Mikel Orbegozok Amorebietan jokatuko du datorren denboraldian

Uztarria.eus 2013ko uzt. 16a, 13:36

Mikel eta Jon Orbegozo ezkerraldeko derbi batean.

Bizkaitar taldea Espainiako Bigarren B mailan dago. Athletic-en bigarren taldeko jokalaria da Orbegozo, baina hirugarren denboraldiz jarraian, utzita jokatuko du azpeitiarrak.

Mikel Orbegozok (Azpeitia, 1989) Amorebietan jokatuko du 2013-2014 denboraldia, Athletic-ek utzita. Bizkaitar taldea Espainiako Bigarren B mailan dago, eta aurreko denboraldian Muniozgurenek eta Goikoetxeak utzitako hutsunea betetzen saiatuko da Orbegozo.

Realarekin zuen kontratua 2011ko ekainean bukatu ondoren, Athleticen bigarren taldeak fitxatu zuen Mikel Orbegozo. Orduz geroztik, azpeitiarrak utzita jokatzen duen hirugarren taldea du Amorebieta. 2012an Tarragonako (Herrialde Katalanak) Nastic-en hasi zen jokatzen, Athleticek utzita. Bukatu berri den denboraldian, berriz, Sestao River-en jardun du azpeitiarrak. Hogeita bi partida jokatu ditu bertan: hasierako hamaikakoan bederatzi, eta hiru gol sartu ditu.

Hodei Mendinueta ere Amorebietan izango da datorren denboraldian. Real Unionek utzita, Lagun Onaken jokatu du Mendinuetak azken hilabeteetan.

Uztarria aldizkariak orbegozotarrei erreportajea eskaini zien 2010ean, Jon eta Mikel Realean aritutako Tomas osabarekin elkartuta.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide