Libre dinamika aurkeztuko dute gaur arratsaldean

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko ira. 12a, 11:57

Espainiako Auzitegi Nazionalak urrian hasiko ditu Herriko tabernen auzi-ko eta Segiko kide izatea leporatutako gazteen aurkako epaiketa. Horien aurrean sortu dute Libre plataforma, eta gaur, osteguna, 19:00etan aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean.

Espainiako Auzitegi Nazionalak urrian hasiko ditu Herriko tabernen auzi-ko eta Segiko kide izatea leporatutako gazteen aurkako epaiketa. Horien aurrean, gizartearen babesa eta konpromisoa lortzeko asmoz, Libre dinamika sortu dute Euskal Herrian, ondoren herriz herri errotzeko. Hala, Azpeitian ere martxan da dagoeneko Libre, eta gaur aurkeztuko dute ekimena. 19:00etan Sanagustin kulturgunean plataformaren nondik norakoak eta Azpeitian auzipetuta daudenen egoera azalduko dute.

Izan ere, urriaren 17an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean herriko tabernen auzia. Euskal Herriko beste hainbat elkarterekin batera, Orkatz Kultur Elkartea ere auziaren barruan dago. Bestalde, Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna epaituko dute Segiko kide izatea egotzita. 

"Askotariko indarrak" bilduta, "Euskal Herria konponbidean jarri nahi dutenen olatua" eratu nahi dute egitasmoaren bitartez. "Uste dugu epaiketa hauek amaitzeko unea dela, eta berriro errepika ez daitezen sortu dugu Libre. Euskal Herrian elkartu beharra dugula uste dugu", dio Olatz Izagirrek.

Azpeitian talde bat eratu dute horretarako, eta alderdi politikoekin, sindikatuekin, eragile sozialekin edota kultur taldeekin biltzen hasiko dira datozen asteetan. Batzar zabala egingo dute hurrengo astean, eta aurrera begira askotariko ekimenak prestatzeko asmoa dute. "Azaroan Libre Eguna ospatu nahi dugu, herritarrek ere parte har dezaten". Epaiketak hasten direnean, berriz, herrian protesta saioak egitea dute buruan.

Hemen Libreren manifestua.

Uztarriak urriko aldizkarian Orkatz Kultur Elkartearen eta Segiko kide izatea leporatutako gazteen aurkako epaiketak gai hartuta, elkarteko kideekin eta Olatz Izagirrerekin egindako erreportajea argitaratuko du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide