EAJri azalpen eske

Uztarria.eus 2013ko ira. 18a, 20:35

Plan Orokorra behin betiko onartu aurretik alderdietako ordezkariek euren iritzi eta balorazioak egiteko izan zuten tartean eztabaida ere sortu zen. Auzarazako etxebizitzen auziaren gainean "EAJri azalpenak eskatu behar zaizkiola" esateko hartu zuen hitza Bilduko Aritz Epelde zinegotziak. Urte honen hasieran dimisioa eman zuen Jesus Larrañagak auzi horretan jokatutako rolaz hitz egin zuen Epeldek.

"Auzaratzako gatazkan azken udal hauteskundeetan EAJk alkategai aurkeztutakoa eta zinegotzi izandakoa izan da tarteko, eta oraindik argitu ez dituzten jarrera horiek argitzeko eskatzen diot EAJri. Hamalau urte inguru iraun du gatazkak eta uste dut azalpen bat merezi dutela bertako bizilagunek eta herritarrek", adierazi zuen Epeldek. "Zuk aipatutako pertsona horrek zinegotzi kargua utzi zuen eta udaletxean egon den denboran, Jesus Larrañagari berari, zuzenean galdetu behar zenion", erantzun zion Itziar Lasa EAJko zinegotziak. Aitor Gorrotxategik, berriz, Plan Orokorraren gaineko iritzia eta jarrera EAJk "garbi azaldu" duela erantzun zion EH Bilduko zinegotziari, "pertsona zehatz bategatik ari zara eta hori orain ez dago Udalean", gaineratuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide