Gaikako zabor bilketak gora egin du aurtengo lehen sei hilabetekoan

Uztarria.eus 2013ko ira. 24a, 15:11

Perez Arregi plazatxoaren ondoko edukiontziak.

Iazko datuekin alderatuta, nahasita jasotako hondakinen tasak %6 egin du behera urtarrila eta ekaina bitartean. Azpeitiko Udalak jakinarazi du iragarritako moduan, Lapatx 2014ko abenduan itxi nahi bada, "hondakinen gaikako bilketak tasak %70era iristeko urratsak" egin behar direla. Bestalde, ostegunean bosgarren edukiontzia erabili nahi dutenentzako ikastaroak izango dira 10:00etan eta 18:00etan.

Aurtengo lehen sei hilabetekoan iaz baino sailkatutako zabor gehiago jaso dute. Udalak adierazi duenez sailkatutako zaborraren bilketaren inguruko datuek "hobera" egin dute: "Sentsibilizazioarekin eta neurriekin bilketa selektiboaren tasak gora egin du, baina oraindik asko dago egiteko".

Urtarrila eta ekaina bitartean edukiontzi grisetan jasotako zabor nahasia %6 gutxitu da iazko datuekin alderatuz gero. "Azken hilabeteetan goranzko joera izan dute bilketa selektiboaren tasek. Oro har, hondakinen jaitsierari lotutako aldeak nabariak dira, eta sentsibilizazioari eta ekonomia krisiari lotuta dago beherakada", esan du udalak. "Egoera ekonomiko hertsiak, sailkatutako hondakinen tasan igoera ekarri duela nabaritu dugu".

Urola Erdiko Mankomunitateak otsailean plazaratu zituen 2012ko hondakinen inguruko datuak, eta orduan azaldu zutenez, hondakinen %68 nahasita eta %32 gaika bildu zituzten. Beraz, 2013 hasieran nahasita hondakin gutxiago eta organikoa gero eta gehiago: "Hondakin organikoaren bilketak nabarmen egin du gora, bosgarren edukiontziaren bidez edo autokonpostaren bidez". Bosgarren edukiontzia edo edukiontzi marroia jaso eta erabiltzen dutenen kopuruak ere gora egin du, eta horrez gain, egun autokonposta 107 herritarrek egiten dute eta auzokonposta egiteko 200 lagunek eman dute izena.

2012ko datuekin alderatuta, organikoaren bilketak gora egin du, baina udalak emandako datuak gorabeheratsuak dira: aurtengo otsailean hondakin organikoa iaz baino %50 gehiago jaso da; martxoan %81,29 egin du gora iazko datuekin konparatuta; apirilean %52,07; maiatzean %70,78 eta ekainean %46,01. Emaitza horiek ikusita, Azpeitiko Udalak "hondakinen bilketarekin lotuta, urrats eraginkorrak" eman dituela azaldu du.

"Asko egiteko"

Azpeitiko Udalak jakinarazi du iragarritako moduan, Lapatx 2014ko abenduan itxi nahi bada, "hondakinen gaikako bilketak tasak %70era iristeko urratsak" egin behar direla. Azpeitiak eskualdean sortzen diren hondakinen ia erdia sortzen du, eta udalaren aburuz, "eskualdeari begira eredugarri izatea dagokio herriari".

Bestalde, hasi berri den udazkenean hondakinen bilketarekin lotutako egitasmoekin jarraituko du udalak. Besteak beste, autokonposta bultzatzea, Gugandik hasita kanpaina indartzea "hondakinen bilketan birziklatzea, berrerabiltzea eta murriztea helburua, konpromisoa herriko eragileengana zabalduz", zein adostutako bilketa selektiboaren tasara iristeko beharrezko azterketa eta adostasunak bilatzeko urratsak egitea aurreikusten du. Azken horri lotuta, hondakinen bilketaren eztabaidan ahalik eta kohesio handienarekin aurrera egiteko konpromisoa berretsi du udalak.

Organikoaren inguruko ikastaroa

Hondakinen gaikako bilketari indarra eman asmoz, bosgarren edukiontzia erabili nahi dutenentzako ikastaroak antolatu dituzte ostegunerako. Etzi, 10:00etan eta 18:00etan izango da ikastaroa, Sindikatu Zaharrean. Izena eman nahi dutenek 943 85 73 19 telefonora deitu behar dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide